'Black is Beltza: Ainhoa' filma eta beste hainbat ekimen Otxandion, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira

Anboto 2022ko abe. 1a, 09:54

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da eta egun horren harira hainbat ekimen antolatu dituzte Otxandioko Udalak, Mainondo guraso elkarteak eta Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak.

Bariku honetan, 19:00etan, 'Erdaldun berrien kluba' izeneko bakarrizketa saioa ikusteko aukera egongo da Bolalekuan. Idoia Etxeberria da egilea eta Olatz Pagalday aktorea. Gazte zein helduei zuzendutako ikuskizunaren sinopsiak honela dio: "Irantzuren klubean gutxi dira. Lau katu. Eta sekula ez dute saririk jaso. Ez dituzte telebistan aipatzen. Ez diete elkarrizketarik egiten. Irantzuren kluba ezezaguna da. Klandestinoa. Badakizue zergatik? Irantzuren kluba, erdaldunberrien kluba delako eta erdaldunberri gehienek ez dakite erdaldunberriak direnik. Izan ere, zer arraio da erdaldunberria izatea?.

Zapatuan, 16:30ean, umeen herri kirol erakustaldiak izango dira plazan. Gazteek askotariko herri kirolak probatzeko aukera izango dute. Txokolatea ere banatuko dute bertaratzen direnen artean.

Azkenik, domekan, 18:30ean, 'Black is Beltza: Ainhoa' filma eskainiko dute Mainondoko gimnasioan. Bolivian jaio eta Kuban hezi den Ainhoak, aitaren sorterria, Euskal Herria, bisitatuko du lehenengoz 21 urterekin. Bertan Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Josuneren mutilaguna heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, honek erabakiko du Ainhoarekin batera bidaia jarraitzea eta honela murgiltzen dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!