Lehenengo proiektuan, zenbait instalazio fotovoltaiko ipini gura dituzte, herritarrek euretatik hartzeko argindarra. Martxoan izen-emateari ekin zioten, interesdunen kopurua jakiteko, eta 110 bat otxandiarrek erakutsi zuten interesa. Segidan, azterketa bat egin zuten bakoitzaren kontsumoa zenbatzeko eta, horren arabera, instalazioen hedadura kalkulatzeko. Joan zen astean batzar informatibo bat antolatu zuten azterketaren emaitzen berri emateko. Bakoitzaren kontsumoa oinarri hatuta, zer kapital aportatu beharko luketen jakinarazi zitzaien interesdunei batzarrean. Horrez gainera, beste datu batzuk ere eman zituzten, hala nola izena emandakoen energia kontsumoaren erdia estaltzeko 120 kilowatteko potentzia duen instalazioa beharko litzatekeela. Urtean 130.000 kilowatt/ordu sortuko lituzke—. Orain interesdunek, euren aportazioaren zenbatekoa jakinda, egitasmoan jarraitu gura duten ala ez jakinarazi behar dute Gabonen aurretik. Ondoren, 2023ko lehenengo hiruhilekoan diru laguntza eskaerak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan. Horren berri jasotzen dutenean, instalazio enpresei aurrekontu zehatzak eskatuko dizkiete. Ondoren, interesdunek ipini beharreko diru kopuru definitiboak kalkulatuko dituzte eta orduan izango da baiezko definitiboa emateko ordua, hurrengo pausoa egitasmorako kapitala ipintzea izango delako.