Otxandion Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko dute zapatu honetan

Joseba Derteano 2022ko urr. 14a, 11:00

Zapatuan Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ospatuko dute Otxandion. Berrizko, Iurretako, Abadiñoko eta Otxandioko dantzariak eta dantza taldeak batuko ditu aurtengo aldiak. Ekimena Otxandioko Urduri dantza taldeak antolatu du, udalaren laguntzagaz.

Dantzariak Andikona plazan elkartuko dira, 17:30ean, eta familia argazkiak aterako dituzte. Ondoren, 18:00 inguruan, kalejiran irtengo dute, Andikonatik herriko plaza nagusiraino. Plazan, talde bakoitzak bere tokia hartu eta denen artean dantza saioa egingo dute, ikuskizuna jarraitzera bertaratzen direnen gozagarri. Dantzari Dantza eta Erregelak dantzatuko dituzte. 

Erromeria
Dantza saioaren ondoren, luntxa egongo da parte hartzaileentzat. Azkenik, diskofestak eta plaza dantzek girotuko dute iluntzea, eguna dantzan agurtzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!