Ur hornidura sarea berriztuta, Otxandioko uraren kontsumoa ia herenera murriztu da azken 16 urteetan

Joseba Derteano 2022ko urr. 10a, 08:30

Ez da sekretua aurtengo uda aspaldiko urteetako sikuena izan dela. Partzuergoan dauden herriek ur emaria bermatuta dute urtegietan ura dagoen bitartean, baina Otxandioren moduan Partzuergoan ez daudenek, eurek atera behar dituzte babak eltzetik.

Otxandion, Anboto barrenetik datorren ura kontsumitzen dute. Egoeraz jabetuta, orain lau legegintzaldi ur hornidura berriztatzeari ekin zioten, eraginkortasunaren bila. Ur ihesen ikerketak, hori oinarri hartuta egindako inbertsioek eta digitalizazioan emandako pausoek momentu honetan ur sarearen efizientzia "oso ona" izatea ekarri dute, udalak datorren astean herritarren artean zabalduko duen ohar informatiboak jasotzen duenez. Ondorioz, ur hornidura bermatzeko gai izan dira.

Esandakoaren adibide, datu bat: 2006tik hona, eguneko batezbesteko kontsumoa 600.000 litrokoa izatetik 276.000 litrokoa izatera pasatu da, nahiz eta herriko biztanleria %30 igo den. "Datu hori ez da kasualitatea.  Azken lau legegintzaldietan ur hornidura sarearen azpiegitura ia ehuneko ehunean berriztu da. Eta eskerrak egin dela, orain 16 urteko kontsumoagaz aurten urik barik egongo ginen-eta uztailean", adierazi du Egoitz Garmendia alkateak. Horregaz batera, kontsumo arduratsua egin duten herritarrak zoriondu dituzte. "Eskerrik beroenak eman gura dizkiegu", gaineratu du alkateak. Horrela, uraren kudeaketan burujabe izaten jarraitzeko oinarriak ipini dituzte Otxandion. Eredu honek dituen onuren artean dago "oso kalitate oneko" ura kontsumitzen dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!