Otxandioko pilotalekuan rokodromo bat egingo dute eta urtea amaitu aurretik zabaltzea da asmoa

Joseba Derteano 2022ko ira. 28a, 09:12

Otxandioko pilotalekuan rokodromo bat egingo dute eta urtea amaitu aurretik erabilgarri egotea da asmoa. Kantxatik kanpora egingo dute, gaur egun harmailak dauden inguruan. 10 bat metroko zabalera izango du, eta 95 metroko eskalada gune erabilgarria. Printzipioz, rokodromoa denentzat egongo da erabilgarri, frontoia bera egoten den moduan. 

Mirugain mendi taldetik irten zen ideia, herrian mendirako eta eskaladarako dagoen afizioa kontuan hartuta. Gerora, herritarrak, hainbat eragile eta udala elkarlanean aritu dira proiektua aurrera eramateko.

Prozesu zabala
Prozesu parte hartzailearen bitartez gorpuztu dute egitasmoa. Eskalatzaileen, frontoiko erabiltzaileen (Illuntxo pilota elkartea, Vulcano futbol taldea, guraso elkartea…) ekarpenak jaso dituzte eta herriko kirol elkarteen bilgune den Kirol Kontseiluan ere aurkeztu dute proiektua. Azkenik, astelehenean batzar zabal bat egin zuten. Bertan, rokodromoa diseinatu duen Adolfo Medinabeitia eskalatzaileak eman zituen azalpenak. Eskalatzaileak joan ziren batez ere, eta euren iritzia eman zuten.

Erantzun "handia"
Asteleheneko batzarra lehenengo fase honen amaiera izan zen. Horrela, prest dute rokodromoaren diseinua. "Prozesuak erantzun handia izan du. Azkenean, jendea gustura geratu da kokapenagaz, formatuagaz eta diseinuagaz, eta poztekoa da hori", azaldu du Mirugain mendi taldeko eta egitasmoaren talde eragileko kidea den Arkaitz Carrascok. 

Etorkizunean orain arte lez funtzionatu gura dute rokodromoaren gaineko erabakiak hartzerakoan. "Oso gustura gaude formatu honetan, denon artean berba eginez eta akordioetara helduz. Funtzionatzeko modu hau osasuntsua dela uste dugu", azaldu du Carrascok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!