Otxandion, Mainondoko kiroldegia urriaren 3an zabalduko dute, astelehenez, gimnasio berriagaz eta askotariko ikastaroekin

Joseba Derteano 2022ko ira. 20a, 12:37

Otxandiok kiroldegi berria estreinatuko du urriaren 3tik aurrera. Gela nagusi bi izango ditu jardueretarako: ikastaroen gela eta gimnasioa. Azpiegitura osoa Mainondo Kirol Elkarteak eta Otxandioko Udalak elkarlanean kudeatuko dute.

Gimnasioa nobedadea da. Lehenengoz zabalduko ditu ateak, datorren hile hasieratik aurrera. Urte osoan zehar, 06:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta bazkide egin beharra dago erabili ahal izateko. Urte osoko bazkidetza 80 euro da. Bazkideak txartel bat jasoko du eta horregaz zabalduko du atea. Izen-ematea hasita dago eta udaletxean egin daiteke.

Gimnasioko makinak
Gimnasioan makina mota nagusi bi daude. Alde batetik, kardioa lantzeko balio dutenak: eliptika bi, korrika egiteko makina bi, hiru bizikleta estatiko, spinning bizikleta bi, arrauna, stepa eta gehiago. Bestetik, indarra lantzeko makinak daude: presio-bankua, pisu-bankua, uhalen kaiola… Horregaz batera boxeo zakua, kettlebell deritzon pisua eta antzerako osagai gehiago ere baditu gimnasioak.

Ikastaroen gela
Bigarren gela nagusian ikastaroak egiten dituzte eta izen-ematea irailaren 26ra arte egin daiteke, Otxandioko udaletxean. Bazkide direnek deskontuak izango dituzte ikastaroetan. 

Ikastaroak urritik maiatzera izango dira. Astelehenetan eta eguaztenetan, punp, txirrinbike, yoga eta mindfullness ikastaroak emango dituzte. Martitzenetan eta eguenetan, helduen soinketa, entrenamendu funtzional eta pilates ikastaroak emango dituzte. Helduentzako zumba edo stepa gurago duenak martitzenetan eta barikuetan izango du horretarako aukera. Ikastarorik gehienak hilean 20 euro dira bazkideentzat, eta 32 bazkide ez direnentzat. Azkenik, ume eta gazteentzako zumba ikastaroak ere izango dira, asteko egun batean. Hauek 15 euro dira hilabeteko. 

Gune batean aldagelak daude, dutxa eta guzti. Igogailu bat ere badago.

Gimnasioko kudeatzaileak Otxandioko plazan egongo dira, gaur eta domeka arratsaldean, herritarren zalantzak argitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!