Otxandioko turismo bulegoan bisita gidatuak antolatu dituzte, lehenengoz

Anboto 2022ko uzt. 22a, 10:00

Otxandioko turismo bulegoak hirugarren udaz zabaldu ditu ateak plaza ondoan. Uztailean eta abuztuan, gutxienez, zabalik egongo da. Orain arte lez, Otxandiora doazen bisitariek herriko ondarearen, naturaren eta ibilbideen gaineko informazioa jaso ahal izango dute bertan. Baina asteburuetan zerbitzu berri bat ere egongo da aurten: bisita gidatuak.

"Bisitariak harrituta geratzen dira Otxandioko historia ezagutzen dutenean, eta bisita gidatuak hori guztia gehiago ezagutarazteko modua dira", adierazi du Mikel Sanchezek, Otxandioko informazio puntuko arduradunak. Ez delako berdina informazio panel batean irakurtzea edo aditu baten ahotik entzutea. "Ahoz, bitxikeria gehiago kontatzeko aukera dago. Jendeari asko gustatzen zaizkio horrelako zertzeladak", gehitu du. 

Bisita gidatuetan, herriguneko lekurik esanguratsuenak—plaza inguruko eraikin historikoak, Errementarien Plaza, Andikona Plaza — eta euren historia ezagutu daitezke, 45 bat minutu irauten duen ibilbidean. 

Bisita gidatuak zapatuetan eta domeketan dira. 13:00etan hasiko dira eta ez dago gutxieneko talderik. Baina, aurretik, erreserbak egiteko eskatu dute. Telefonoz (648 265 246) eta turismoa.otxandio@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez egin daitezke. Bisita gidatuak euskaraz nahiz gaztelaniaz izango dira. 

Informazio puntua asteko bost egunetan egongo da zabalik. Eguaztenetan eta eguenetan 11:00etatik 13:00etara zabalduko dute; barikuetan 17:30etik 20:30era, eta zapatu-domeketan 10:00etatik 14:00etara. Asteburuetako azken orduan informazio puntua itxita egon daiteke, bisita gidatuen arabera.  

Uztailean eta abuztuan Otxandiora doan bisitari kopuruaren arabera erabakiko dute informazio bulegoa irailean ere zabaltzea ala ez

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!