Zergaitik erabaki duzu abesbatza uztea?
Urtean entsegu asko dira, neguak luzeak egiten dira eta apur bat gogorra egiten zait. Asko sentitzen dut utzi beharra, e? Oso gustura ibili naiz eta. Denean ibili naiz, elizan ere abesten nuen. Baina pentsatzen dut orain une aproposa dela uzteko.
Oihandi abesbatzatik zeu egon zinen udaletxeko balkoian txupinazo egunean.
Neu izan naiz abesbatzako zaharrena eta neuri eskaini didate. Ohore bat izan da. Oihandiko ibilbide luzeari ezin nion amaiera politagorik eman; abentura zoragarria izan da.
Zelan gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Jende gehiago genbiltzan. Orduan, 50 edo gehiago ginen. Hasieran, eskola maisua izan zen gure zuzendaria. Interes itzela ipini zuen guk abesten ikasi genezan. Urtean irteera batzuk egiten genituen herririk herri kantatzeko.
Orduan ohitura handiagoa zegoen taldean abesteko?
Bai. Orain tabernetan-eta ez da kantatzen, baina lehen kuadrilla handia ginen eta tabernetan abesten genuen; bariku eta zapatu gauetan eta domeketan, geratu barik. Nire senarra, Marino Soloeta, ere abesbatzan ibili zen. Ni baino lehenago hasi zen.
Joan zen astean, 50. urteurreneko kontzertu berezia egin zenuten elizan. Zelan joan zen?
Oso emozionantea izan zen. Abesten eta negarrez geunden aldi berean. Eliza bete egin zen. Asko entseatu genuen dena behar zen moduan irteteko. Txomin Bengoak urteurrenagaitik sorturiko abesti berri bat ere abestu genuen. Pena bakarra da ETB ez zela etorri kontzertua grabatzera.
Zure kontzerturik bereziena izan da?
Nire bihotzean betiko geratuko den kontzertua da. Begoña Basilikan eman izan ditugunak ere bereziak izan dira. Han oso koro onek abesten zuten eta gu urtero joan izan gara.