Otxandioko jaiak

Kerobia, Dupla eta Zirkinik Bez taldeek kontzertuak emango dituzte uztailaren 23an, Otxandioko jaien barruan

Joseba Derteano 2022ko uzt. 12a, 11:50
Kerobia

Otxandioko jaien barruan, askotariko musika kontzertuez gozatzeko aukera egongo da. Beharbada, uztailaren 23ko jaialdia izango da indartsuena, Kerobia, Dupla eta Zirkinik Bez taldeekin. 

2014an hamalau urteko ibilbideari amaiera eman eta gero, iaz berriro batuko zirela iragarri zuen Kerobia talde nafarrak. Harrezkero, disko bi kaleratu dituzte, euretariko bat bikoitza, eta abesti berriak plazarik plaza aurkezten dabiltza. Dupla talde aguraindarrak ere kaleratu zuen disko bat iaz, euren ibilbideko bigarrena, punk eta rap doinuak uztartzen dituena. Azkenik, Zirkinik Bez talde zornotzarraren erromeriak emango dio amaiera jaialdiari. 

Otxandioko Gaztetxean ere musika jaialdia antolatu dute uztailaren 16rako. Kasu honetan, Gorrotoa Gorroto eta Estutu taldeek emango dute zuzenekoa, eta, ondoren, DJ Rosa Mariren txanda izango da. 

Jaietako musika eskaintza Trikizio taldearen, Joselu anaien eta Erruki taldearen erromeriek osatuko dute, uztailaren 17an, 18an eta 24an, hurrenez hurren.

Jaietako kartela
Aurtengo jaietako kartel lehiaketa Maialen Garaigordobil otxandiarrak irabazi du. Lehiaketara aurkezturiko hiru proposamenen artean, epaimahaiak berea aukeratu zuen aurtengo Santamaña jaiak iragartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!