Otxandioko jaiak

Oihandi abesbatzak eta Mirugain Mendi Taldeak jaurtiko dute jaien hasierako txupinazoa, euren 50. urteurrenean

Joseba Derteano 2022ko uzt. 11a, 11:50

Otxandion tradizio luzea duten elkarte bi izango dira aurtengo protagonistak uztailaren 17ko txupinazoan. Oihandi abesbatzak nahiz Mirugain Mendi Taldeak 50 urte bete dituzte eta elkarregaz egongo dira udaletxeko balkoian jaiei hasiera ematen.  

Elkarte biek ondo ezagutzen dute elkar. Oihandin Mirugain taldeko kide bat baino gehiago dabil, eta alderantziz ere berdina gertatzen da. "Egia esanda, gutariko asko elkarte batean zein bestean ibilitakoak gara", dio Tomas Pujanak, Mirugaineko kideak. Pujana bera koruan ibilia da mutikotan. Elkarte bietakoak pozik daude txupinazoa jaurtitzeko aukeratu dutelako eta ohore hori partekatuko dutelako.

Oihandik kontzertu berezia
Oihandi abesbatza 1970ean sortu zuten. 2020an ezin izan zuten urteurrena ospatu, pandemiagaitik, eta aurten dabiltza ospatzen. Santamañetarako ekintza bat baino gehiago prestatu dute. Uztailaren 15ean, 20:00etan, bederatzi abestigaz osaturiko kontzertu berezi bat emango dute elizan. Herriko musikarien laguntza izango dute. Hiru abesti Otxandioko Udal Bandaren laguntzagaz kantatuko dituzte, eta beste hiru Otxandioko txistulariekin. Baina emanaldia beste arrazoi bategaitik ere izango da berezia: koruko kide den Txomin Bengoak Oihandiren urteurrenaren harira sorturiko abestia lehenengoz kantatuko dute.  

Uztailaren 16tik 18ra, abesbatzaren inguruko erakusketa bat egongo da ikusgai, Bolalekuan. Argazkiak, uniformeak, partitura zaharrak... erakutsiko dituzte. 

Gaur egun, 33 kidek osatzen dute korua. Iaz, abesbatzari aupada berri bat emango zion zuzendari berri  baten bila hasi ziren, eta lortu dute. Patricia Pazos musikari profesionalak hartu du koruko gidaritza. Galiziarra jaiotzez, Gasteizen bizi da gaur egun. Martxotik dabiltza beragaz.

Mirugainen egitarau zabala
Mirugain Mendi Taldea urte hasi zenetik dabil urteurrena ospatzen. Maiatzean, Fundazio martxa arrakastatsua egin zuten eta plaza bete jende batu zen bazkari herrikoian. "Denak oso ondo irten zuen eta pozik gaude", dio Pujanak.

Aurrera begira, hainbat irteera dute. Esaterako, irail hasieran Sierra Nevadara (Granada) joango dira. 50 urtean makina bat lekutara joan dira taldean, baina Sierra Nevadara ez. Horregaitik erabaki dute hara joatea.


Mirugaineko kideak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!