Tapia eta Leturia eta Mice taldeen kontzertuak daude Otxandion, Mekoleta auzoko jaietan

Joseba Derteano 2022ko eka. 9a, 11:30
Miren Narbaizaren Mice taldearen kontzertua da barikuko osagaietako bat.

Asteburuan jaiak ospatuko dituzte Otxandioko Mekoleta auzoan, eta Arkotxe kultur elkarteak ekimenez beteriko egitaraua prestatu du.

Bihar, barikua, iluntzeko txupinazoagaz hasiko dituzte jaiak, eta gazte afarian batuko dira. Txartelak gaztetxean, Fondan eta Arkotxen eskuratu daitezke, 10 euroren truke. Jaietako lehenengo eguna Mice eta Ziribulio Sound Kolektiboa taldeen musika kontzertuekin amaituko dute. Miren Narbaizak, Napoka Iria taldeko abeslari ohiak,  2017tik martxan duen proiektua da Mice. Orain arte disko bi kaleratu ditu. Bestalde, Ziribulio Sound Tolosalde eta Goierri inguruko sei lagunek osaturiko musika proiektua da. Glaukoma taldeko Juantxo Arakama da taldekideetariko bat. Reggae, rap eta beste estilo batzuk uztartzen dituzte euren musika proposamenean.

Zapatuan, San Bernaberako ibilaldiagaz hasiko dute eguna. Arratsaldean, 17:00etan, Urduri dantza taldeak saioa egingo du, eta, jarraian, Kalakan haur jolasak egingo dituzte. Iaz harrera ona izan zuten jolasek eta aurten errepikatu egingo dituzte. Egunari emango dioten amaiera ez da nolanahikoa. 19:30ean, Tapia eta Leturia trikitilari ezagunek kontzertua joko dute euren taldeagaz. 1986tik hona makina bat disko kaleratu eta hainbat herritako plaza bisitatu dituzte. Nazioartean ere ibili dira. Ondoren, 22:00etan, bertso afaria egingo dute Erika Lagoma, Eneko Abasolo 'Abarkas', Unai Iturriaga eta Igor Elorza bertsolariekin. Txartelak Fondan, Txokoan eta Arkotxen eskuratu daitezke, 15 euroan. Azkenik, erromeria egongo da, Xabi Aburruzagagaz eta Josu Urrutiagaz. 

Jaiak domeka eguerdiko poteo musikatuagaz eta arratsaldeko briska eta mus txapelketekin amaituko dituzte. Jaietako egunetan balkoi, ate eta leihoen dekorazio lehiaketa egingo dute aurten, lehenengoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!