Otxandioko Udalak erosketa bonuak zozkatuko ditu herriko komertzioetan erosten dutenen artean

Anboto 2022ko mar. 30a, 13:09

Otxandioko Udalak eta herriko dendariek erosketak Otxandion egitea sustatuko duen kanpaina adostu dute, eta apirilean hasiko da. 'Poltsa bete Otxandion' izenagaz, kanpaina honetan datza: udalak erosketa bonuak zozkatuko ditu kanpainara atxikitutako herriko komertzioetan erosketak egiten dituzten herritarren artean. 

Kanpainak urtebete iraungo du, aurtengo apiriletik 2023ko apirilera arte. Udalak 12.000 euro ipiniko ditu ekimenerako. Horrela, hilero 1.000 euro banatuko ditu saritan, 100 euroko 10 sari, hain zuzen ere. Bonuak herriko komertzioetan erabili beharko dira eta hilabeteko iraungitze-data izango dute. Adin nagusikoak diren erosle guztiek parte hartu dezakete kanpainan.

Funtzionamendua
Kanpaina barruko komertzioetan erosketa bat egiten duenari gastatzen duen zenbatekoaren araberako errifa kopurua emango zaio. Errifan norberaren izen-abizenak eta telefono zenbakia idatzi eta herriko dendetan edo udaletxeko atarteko postontzian utzi behar dira. 

Zozketak hileko lehenengo lanegunean egingo dituzte. Gero, udal langileak irabazleekin hartu-emanetan ipiniko dira bonuak haiei helarazteko. 

Dinamika hau Otxandioko Udalak hamarkada honetarako bultzaturiko Biziguraz Betie plan estrategikoaren barruan dago, eta honen bitartez hainbat helburu bete gura dituzte: tokiko komertzioaren balioa nabarmentzea, erosle belaunaldi berriak erakartzea eta bezeroarekiko gertutasuna eta arreta pertsonalizatua indartzea, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!