Otxandion kooperatiba bat sortuko dute herritarrei energia berriztagarrietarako trantsizioan laguntzeko

Joseba Derteano 2022ko mar. 4a, 12:19

Herritarrei energia berriztagarrietarako trantsizioan laguntzeko helburua duen energia komunitatea sortuko dute Otxandion. Oreka du izena eta kooperatiba izaera izango du. Otxandioko Udala sustatzaileen artean dago eta Goiener-en laguntza dute.

Honako hau da helburua: herritarrei energia berriztagarrietan oinarrituriko proiektuetan parte hartzeko aukerak ematea eta energiaren inguruko aholkularitza eskainiz Otxandioko trantsizio energetikoa bultzatzea.

Zapatuan, 11:00etan, batzar zabal bat egingo dute Mainondoko gimnasioan. Laster sortuko den kooperatibari buruzko xehetasunak emango dituzte bertan, eta kooperatiba horrek aurrera eramango duen lehenengo proiektuaren berri emango dute. 

Lehenengo proiektuan, zenbait instalazio fotovoltaiko ipini gura dituzte. Gura duten herritarrek euretatik argindarra hartzeko aukera izango dute. Interesdunek argindar fakturaren eta titularraren NAN-aren kopia bat bidali dezakete oreka.otxandio@gmail.com helbide elektronikora. Ondoren, azterketa bat egingo dute; interesdunen argindar kontadoreak aztertuko dituzte, kontsumoa ikusteko eta instalazioen dimentsioak kalkulatzeko.

Komunitate energetikoen sorrera Europatik sustatzen den formula bat da. Herritarrek trantsizio energetikoan parte izatea da filosofia. Europar Batasuneko zuzentarauak sustatzen duen figura bat da eta estatuek tokia egin behar diote euren legedian. Espainiar Estatuan oraindino ez da urrats hori eman, baina badaude diru laguntzak eskuragarri komunitate energetikoei bultzada bat emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!