“Mirugainek behar zituen idea berriak ekarriko zituen jende gaztea; esku onetan uzten dugu"

Joseba Derteano 2022ko mar. 5a, 10:00

Otxandioko Mirugain Mendi Taldeak 50 urte beteko ditu aurten eta ekimen askogaz ospatuko dute. Urte hau mugarri bat izango da taldearen zuzendaritzan. Maitere Larrañaga Unanue (Azpeitia, Otxandion bizi da, 1951) eta Tomas Agirre Pujana  (Otxandio, 1957) beteranoek erreleboa emango diote belaunaldi berriari. 

Zenbat urte eman dituzue Mirugainen zuzendaritzan?
Tomas Agirre: Ni sorreratik naiz bazkidea, eta 18 bat urte nituenetik juntako kide. 1995etik hona presidentea ere banaiz.
Maitere Larrañaga: Tomas presidente sartu zen urtean batu nintzen taldera. 25 bat urte daramatzat.

Eta orain erreleboa emateko sasoia heldu dela erabaki duzue. Zergaitik?
T.A.: Azken 25 urteetan, jende berria sartzen eta irteten joan da. Erreleboa aurrerago ematea zen gure nahia, baina, azkenean, geu ginen geratzen ginenak. Urte hasieran, hordago bat bota dugu.
M.L.: 50. urteurrenaren harira, erreleboa eman gura genuela esan genuen eta Mirugain desagertzeko arriskuan egon zitekeela. Deialdia ahorik aho zabaldu, eta azkenean talde bat agertu zen. Horrek lasaitasun bat eman zigun.

Esku onetan uzten duzue Mirugain?
T.A.: Asko bazkideak dira, irteeretara etortzen zirenak.
M.L.: Gazteagoak dira eta arnas berria dakarte. Mirugainek behar zituen ideia berriak ekarriko zituen jende gaztea. Olatu fresko bat izan da. Esku onetan uzten dugu.

Zelan sortu zen Mirugain?
T.A.: Gerediaga Elkartetik talde bat irten zen, Mirugain izenagaz. 1972tik aurrera, pare bat urtean, ekintzak antolatzen ziren, baina federatu barik. Formalki, 1974an sortu zen taldea.

Zuek batu zinetenetik hona, asko aldatu da taldea?
T.A.: Mendira joateko modua aldatu egin da. Gu kanpin-dendekin joaten ginen beti, Gorbeiara edo Aizkorrira. Pirinioetara joan ginen lehenengo urtean ere horrelaxe joan ginen. Orain ez dago horrelakorik.
M.L.: Taldean sartu nintzenean, gu gurasoak ginen, ume txikiak genituen eta eurekin joaten ginen mendira. Gero, hazten joan ziren neurrian, uzten joan ziren eta ez da errebelorik egon. Irteeretan batzen garen askok adin bat dugu, jubilatuak gara eta umeak ez datoz mendira normalean. Lanean gabiltza hori aldatzeko. Guraso elkarteagaz hartu-emana dugu. Juntan ere badago guraso elkarteko jendea. Mirugainen ekintzak egin gura dituzte umeak mendira erakartzeko.
T.A.: Azken 20 urteetan ikusi dugun beste aldaketa bat hau da: geroago eta jende gutxiago dator mendi taldeak antolaturiko irteeretara. Jendeak gurago du furgoneta hartu eta bere kabuz ibili. Klubera federatzera etortzen dira, asegurua egitera gehienbat.
M.L.: Federatu asko ditugu, 200etik gora! Baina gero ez dira irteeretara etortzen.
T.A.: Material asko dugu eskaintzeko, kranpoiak eta abar, baina ia ez dituzte eskatzen. Zergaitik? Bakoitzak bere materiala erosten duelako. Erabateko indibidualismoa da.
M.L.: Irteeretara datorrenak dena antolatuta aurkituko du, baina gazte askok ez dute premia hori sentitzen. Gaur egun mundu guztiak dauka interneta, GPSa…
T.A.: Baina joera hau ez da Mirugainen gertatzen bakarrik. Mendi talde guztietan gertatzen dabilen zerbait dela esango nuke.
M.L.: Eta, hala ere, uste dut Mirugain ondo dagoela beste batzuekin konparatuta. Azken irteeran 28 lagun batu ginen.

Zer prestatu duzue Mirugainen 50. urteurrena ospatzeko?
M.L.: Hartu den irizpide bat da ospakizun guztia astebetean edo hilabetean kontzentratu barik, ekintzak urte osoan banatuta egotea. 
T.A.: Maiatzean, Fundazio Martxan egingo dugu. Ekimen hau urterokoa da, Mirugain sortu zen egunaren bueltan antolatzen dugu, baina nobedade bat izango du aurten: martxaren ondoren, denei zabalik egongo den herri bazkaria egingo dugu.
M.L.: Urteurreneko beste ekintza berezi bat irailean izango da. Lau eguneko irteera bat prestatzen gabiltza, Sierra Nevadara.
T.A.: Pou anaien hitzaldia, Mendi Film Festivaleko film batzuen emanaldia, erakusketa bat, spot bat… gauza asko lantzen gabiltza.

Badago zuentzat berezia den mendi irteerarik?
T.A.: Urteko azken egunean Arangio inguruko tontor batera antolatzen duguna. Jende askok Gorbeiara joateko ohitura du, baina guk klubetik zerbait errazagoa eskaintzea erabakia genuen. 
M.L.: Ohiko buzoi bat barik, metalezko txondor bat dago han. Herriko bati eskatu genion egiteko. Sasoi batean, txondor asko egiten zen inguru honetan ikatza egiteko, eta horixe irudikatzen du.
T.A.: Urte amaieran hara joan eta Mirugainen urteko agenda erretzen dugu txondorrean, eta berria banatzen dugu.
M.L.: Eta Agur, urtezahar abestia kantatzen dugu. Otxandioko kanta bat da. Emilio Donadok, besteak beste, koruko zuzendari eta organista izandakoak, liburu batean batu zituen Otxandioko, Legutioko eta Ubideko kantak, eta han jasota dago abesti hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!