Hiru urteko auzolanari eskerrak, 160 urte dituen elizako erlojua eraberritu dute Otxandion

Joseba Derteano 2022ko ots. 22a, 08:42
Ezkerrean: erloju eraberritua bolakekuan / Erdian: Otxandioko elizako kanpandorrea / Eskuman, goian: erlojua egin zuen Juan de Abaituaren sinadura erlojuko pieza batean / Eskuman, behean: orduak ematen dituen kanpaia.

Auzolanari eskerrak, Santa Marina elizako erlojua martxan da berriro ere Otxandion. Hiru urte pasatxo iraun duen prozesuan, erlojua kanpandorretik jaitsi, desmuntatu, pieza guztiak garbitu, limatu, pintatu, hondatuta zeudenak ordezkatu, eta zaharberritze baten barruko lan guztiak egin dituzte, berriro piezarik pieza muntatu aurretik. Azken emaitza, erloju eraberritua, bolalekuan dago gaur egun.

Prozesu luzea eta nekeza izan da sarritan, baina auzolanean aritu direnak gustura daude emaitzagaz. "Erlojua herriak duen altxor bat da eta horrelako altxorrak mantentzea inportantea da. Oso pozik gaude emaitzagaz", adierazi du auzolan taldeko Juan Mari Otxandiano kideak.

Bidean, erlojugile aditu bik laguntza eta aholkularitza eskaini dizkiete: Aitor Villa hernaniarrak eta Xabier Yeregui gasteiztarrak. Hain zuzen ere, Yereguik erlojuaren inguruan Otxandion eskaini zuen berbaldi batean animatu zen herritar talde bat erlojua eraberritzera, erlojuaren balio historikoaz jabetuta. Gero, elizako batzordeari baimena eskatu eta "ez ziguten batere arazorik ipini", gogoratu du Otxandianok.

Erlojua hiru metrotik gora garai da eta 400 bat kilo pisatzen du. Erlojutik eskegita dauden ingude bik dute pisurik handiena: 139 eta 90 kilokoak dira. Ingudeek sorturiko energia potentziala darabil erlojuak martxan jarraitzeko; horixe da erlojuaren energia iturria. Egunean behin, pisuak goratu egin behar dira, lurra jo aurretik. Ingudeak astunak dira, baina ez erlojua kanpandorrean zegoenean zituen harriak bestekoak: haiek 370 eta 265 kilo zituzten. "Pisu horregaz egiturak asko sufritzen du. Horregaitik aldatu dugu. Erlojuak 160 urte ditu eta ea beste horrenbeste irauten duen", adierazi du Otxandianok. Ildo horretatik, pieza guztiei pintura antioxidatzailea eman diete.

Erlojua bolalekuan dago orain. Eliza kanpandorrearen barrualdea eta bertarako sarrerak berriztatu daitezkeen aztertzen dabil. Horrek, etorkizunean, erlojua berriro kanpandorrera eramateko aukera emango luke.

Erlojuaren historia
Udalak 1858an erosi zuen erlojua. 2017 inguruan udaletxean aurkituriko akta batean jasotzen da horren berri. Garai hartako hainbat herritar kexatu egin zen erlojua txarto zebilelako. Eurentzat oso garrantzitsua zen, erlojua euren ogibiderako eta zereginetarako erreferentzia lez erabiltzen zuten eta. Horren harira, batzar bat egin zuten udaletxean; sasoi hartako Valentin de Ugarte alkateak eta zinegotziek ez ezik, "auzotar eta ugazabarik dirudunenek" ere parte hartu zuten, batzarreko aktak jasotzen duenez. Erloju berri bat beharrezkoa zela erabaki zuten. Erloju berria Juan de Abaitua erlojugileari agindu zioten, 4.700 errealetan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!