Aurtengo sarituen artean Luis Mari Bengoa kazetari otxandiarra dago. Hainbat hamarkadatan "herri-kirolen ahotsa eta aurpegia" izateagatik, "gure sustraiak, lurreko ekoizkinak eta ohiturak aldezten eta sustatzen etengabeko aldarria" egiteagatik eta "tradizioa eta balioak sustatzen" egindako lanagatik eman zioten saria antolatzaileen esanetan.
Bengoak berba batzuk esan zituen sari jasotzera eszenatokira igo zenean. Gurasoei eskaini zizkien lehenengo hitzak eta saria bera, hau da, “eguneroko ikasgaia dakarren unibertsitate honetako aurreneko maisu-maistrei, nabarmenei, eta bidean lagundu didaten lagun eta kolaboratzaile ugariei", azaldu zuen.
Bengoak gogora ekarri zituen Arabako nekazari eta abeltzainekin batera Europatik barrena egindako lehen bidaiak, lanbide-elkargoak, jatorri-deiturak, azokak berreskuratu eta berriro ere abian jartzeko haziak izan zirelako eta, bestetik, herri-kirolen aldeko borroka etengabea. “Lehen sektorea indartu behar dugu. Ahalegin handiak egin ditugu eta egiten ari gara, baina kontuan izan behar dugu guztion babesa behar dela. Landa-eremua zaintzen ez badugu, batek daki zein egoeratan bukatuko den. Aberri batek bere elikagaiak behar ditu; horixe da oinarria”, adierazi zuen.
Bengoagaz batera honako hauek saritu zituzten atzo Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan zuen ekitaldian: Aita Mari erreskate-ontziaren lan humanitarioa; Basque Culinary Centerren prestakuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua; memoria historikoaren zaintza, Amaiur Gaztelu Elkartearen eskutik; CD Bidasoa kirol-elkarteak egindako euskal eskubaloiaren eta Euskadiren sustapena eta hedapena nazioartean; eta Luis Ugalde josulagunaren gizarte-konpromisoa eta bidegabekerien salaketa.