“Laburtasuna, tradizioa eta umorea liburuak beren-beregi dituen ezaugarriak dira”

Aritz Maldonado 2021ko abe. 7a, 11:00

Xabier Olaso idazle otxandiarrak lan asko egin du aurten ere. Udazkenean 'Hanka, moko eta buztan (animaliekin dantzan)' liburua aurkeztu zuen. Orain, 'Esna irauteko ipuinak' argitaratu du. Liburuak ipuin laburrak eta "biziak" biltzen ditu, eta baita ipuin irudimentsu eta iradokitzaileak ere.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Esna irauteko ipuinak 57 ipuin labur biltzen dituen liburua da. Denonartean argitaletxearen eskutik plazaratu berri da. Izenburuak berak adierazten duen moduan, loak hartu ez eta esna irauteko moduan izango da irakurlea ipuinok irakurrita. Eta esna irauteko ahalegin horretan, ipuin bizi-biziak ondu behar nituen ezinbestean, ipuin dinamikoak eta irudimentsuak, askotariko eszenatokietan murgiltzeko aukera ematen zutenak. Horretan ahalegindu naiz eta arrasto horien atzetik dabiltza liburuko ipuin horiek guztiak.

Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke liburu honetan?
Laburtasuna, tradizioa eta umorea liburuak beren-beregi dituen ezaugarriak dira. Hiru horiek nabarmenduko nituzke.

Zein garrantzia du umoreak umeentzat?
Garrantzi handia, zalantzarik barik. Haur narratiban, argumentua edo amaiera barregarria bada, eta irakurleari irribarrea eragiten badio, hainbat hobeto. Bestalde, haurrak bizitzako hainbat egoera latz eta garratz errazago onartuko ditu horiek modu umoretsuan agertzen bazaizkio. Zorigaitza edo heriotza bera ere eramangarriagoak gertatuko zaizkio segurutik.

Gatxa egin zaizu haurrentzako literaturan erregistro hori erabiltzea?
Ez, egia esan. Ipuin bakoitzaren amaieran esaldi bakar batez osaturik dagoen gregueria bat idatzi dut; aforismo antzekoak dira gregueriak, esaera edo pentsakizun labur, irudimentsu eta zorrotzak; umorea gehi metafora esaldi batean. Liburuan, ipuinak adina ageri dira; 57, guztira; honako hauek dira batzuk: Nagiak ateratzen ditugunean munstro bilakatzen gara; urpekaria itsasoko butano banatzailea da; txankleta oinaren tanga da; gusanitoak hildakoen litxarreriak dira.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Besteak beste, haurrentzako liburu bat itzultzen nabil azken aspalditxoan, eta, tarteka, udaberri partean argitaratuko den nire beste liburu bat zuzentzen nabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!