Durangaldeko hiru ekoizle egongo dira eta euretariko bi Otxandiokoak dira: Andoni Padilla gaztagaz eta Harrikoskor denda poltsekin, jolasekin eta abarrekin. Eskualdeko hirugarren ekoizlea mañariarra da: Uranga baserria, ogiagaz. Horrez gainera, Dimako eztia, Mungiako patea eta piperrak, Igorreko ahuntz gazta eta barazkiak, Orozkoko euskal pastela eta Aramaioko gazta erosi ahalko dira, besteak beste.
Merkatuan erosketaren bat egiten dutenen artean produktuz betetako otzara bat zozketatuko dute.
Ekimen berria
Azoka Gorbeialde elkartearen eta Otxandioko Udalaren artean antolatuko dute, Aldundiaren laguntzarekin. Gorbeialdek Herri bat, merkatu bat izeneko programa berri bat abiatu zuen iaz. Herrietan antolatu ohi diren ohiko azokez gainera —Otxandiokoa abenduan izaten da—, berri batzuk antolatzea eta ekoizleei euren produktuak saltzeko gune gehiago eskaintzea da ekimenaren helburua. Egitasmo honen barruan apirilean ere egin zuten azoka bat Otxandion.