Mikel Urdangarinek Andikona plazan emandako kontzertua, sarean ikusgai

Joseba Derteano 2021ko urr. 26a, 10:08

Euskaltzaleen Topaguneak, kulturaren bitartez, euskara sustatzea helburu duen Udagoieneko Ostera emanaldi zikloa antolatzen du urtero. Normalean, jendaurreko emanaldiak dira, baina COVIDaren ondorioz formatua aldatu dute aurten. Kontzertuak aurretik grabatu dituzte, publikorik barik, eta Interneten eskainiko dituzte egun jakin batzuetan.

Aurten, emanaldi guztiak lotzen dituen haria memoria historikoa da. Ildo horretatik, Otxandion grabatu dute kontzertu bat, 1936an bonbardaketa jasan zuen Andikona plazan. Mikel Urdangarin musikari zornotzarra izan zen ekain hasieran emandako kontzertu hartako protagonista. Sorpresa bat baino gehiagoko emanaldia izan zen, gainera. Esaterako, Andikona 1936 abestian Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariak batu zitzaizkion Urdangarini, eta hiruren artean abestu zuten. Kontzertua azaroaren 12tik 14ra (egun horietan bakarrik) ikusi ahalko da udagoienekoostera.eus webgunean.

Zikloa beste kontzertu bik osatzen dute: Olatz Salvadorrek Ondarroan eta Xamanak taldeak Barakaldon grabatutakoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!