Otxandioko elizakoa den zilarrezko pelikano eukaristikoa, Madrilgo Prado museoan ikusgai

Joseba Derteano 2021ko urr. 19a, 09:47

Madrilgo El Prado Museoak Tornaviaje. Arte iberoamericano en España izeneko erakusketa berri bat inauguratu du urrian. Erakusketa hori mendeetan zehar Amerikatik Espainiara eramandako artelanen bilduma bat da eta ikusgai dagoen objektuetariko bat Otxandioko Santa Marina elizaren jabetzakoa da: zilarrezko pelikano eukaristiko bat, hain zuzen ere.

Azken urteetan, Otxandioko elizan barik Bilboko Arte Sacro museoan egon da, eta handik eraman dute Madrilera. Zilarrezko pelikanoak ia metro bateko garaiera du eta sagrario bat da, hau da, aldare gainean ostiaren ontzia egoten den gordetegi funtzioa du. Kasu honetan, pelikanoaren bizkarrean dago gordetegia.

Artelan hori 1776an egin eta ekarri zuten Otxandiora, Perutik. Hego Ameriketan oparo bizitzeko aukera izan zuen Domingo de Zaldibar otxandiarraren oparia izan zen, Bilboko Museoko arduradunen esanetan. Ez da hori Otxandiori egin zion ekarpen bakarra; 1722an, Otxandion ospitale bat eraiki zuten bere aginduz, gaur egun hirugarren adinekoen egoitza dena. Ekarpen horiekiko esker onez, Otxandioko ohorezko alkate izendatu zuten.

Zergaitik pelikano bat?
Zergaitik pelikano bat eta ez beste hegazti bat? Sorburua kristautasuna heldu aurreko kondaira batean dago. Bere habiara heltzean, pelikanoak bere paparra mokokatzen ei zuen odolak irten arte, eta odol horregaz elikatzen zituen bere txitak. Hegazti horrek janaria berrahoratzeko paparrean ematen dituen kolpeen interpretazioa dela uste dute historialariek. Kristautasunak Azken urteetan, Bilboko Arte Sacron egon da ikusgai, eta handik eraman dute Madrilera bere egin zuen tradizio hori, eta pelikanoa Jesukristogaz lotu zuten, "hark ere odola isuri zuelako gizakiak salbatzeko", Bilboko Museoko arduradunek azaldu dutenez.

"Otxandioko elizakoaren moduko pelikano itxurako sagrarioak ohikoak dira Hego Amerikan, baina Iberiar Penintsulan ale honetxen berri baino ez daukagu; horrek ohiz kanpoko objektu bilakatzen du", azaldu dute Bilboko Museokoek. 2022ko otsailaren 13ra arte egongo da ikusgai Madrilen

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!