“Aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera irakurri daitekeen liburua aurkituko du irakurleak”

Aritz Maldonado 2021ko urr. 17a, 10:30

Xabier Olaso idazle otxandiarrak etenik barik jarraitzen du lanean. Oraintsu, 'Hanka, moko eta buztan (animaliekin dantzan)' liburua kaleratu du. Birritan irabazi du Euskadi saria, 'Pupuan trapua' eta 'Tximeletrak' lanekin.

'Hanka, moko eta buztan (animaliekin dantzan)' publikatu duzu oraintsu. Zeri buruzkoa da liburua?
Liburua hizkuntz pieza laburrez osaturiko puzzle bat da, zelanbait esateko. Animalien gaia ardatz hartuta, mikroliteraturako edo genero laburreko testuak ondu ditut, askotarikoak. Liburu erakargarri eta jostagarri bat egitea izan da nire helburua, hizkuntzagaz jolasteko eta ondo pasatzeko aukera emango duena.

Zer aurkituko du irakurleak?
Liburua jolas-kutxa moduko bat da. Irakurleak ipuin laburrak aurkituko ditu, "ipuininiak" deitu diet, eta alegiak; poemak ere badira hainbat, forma ezberdinetakoak. Batzuk, adibidez, liburua ispiluaren aurrean ipinita baino ezin dira irakurri; beste poemaren bat musikatzeko modukoa da; bestalde,  badago behetik gora irakurtzen den poemarik ere, edo akrostiko modura irakurri daitekeen aleren bat, edo zuhaitz itxura duena...

Eta berba-jolasekin jarraituta, bestalde, badira era eta forma askotako igarkizunak eta aho-korapiloak, eta haikuak, eta asmaturiko atsotitzak, eta animalario bat, animalia bitxiz osatua: patxitxipot, txuntxurrunsaurio, garbirifayri... Liburuak benetako bizia hartuko du irakurleak eskuetan hartzean. Orduantxe hasiko da "animaliekin dantzan".

Sandra Garayoak egin ditu irudiak. Zelan konpondu zara beragaz beharrean?
Sandra Garayoaren ilustrazioak ikusgarriak dira, kolore ederrez hornitutakoak. Marrazkiak liburuaren luze-zabalean daude, han-hemenka, irudimen handiz josita. Liburua janzteko garaian, ezinbestekoa izan da bere ekarpena. Nire ustez, berba eta irudia sintonia egokian ageri dira liburuan, eta pozarren nago bion artean lorturiko emaitzagaz. Testuak jostagarriak dira batez ere, eta Garayoaren marrazkiak, beste horrenbeste.

Hainbat generotan, eta helduentzako zein haurrentzako liburuak idatzi dituzu. Zer dauka genero bakoitzak erakartzen zaituena? Zeinetan ibiltzen zara gusturen?
Genero bakoitzak bere leku kutuna du nire barruan. Bakoitza une eta beharrizan ezberdinei lotzen zaie. Bakoitzak baldintza eta egokiera ezberdinak eskatzen ditu. Azken urteotan, haur eta gazte literaturari lotu natzaio gehienbat, eta arlo horretakoak izan dira atera ditudan azken liburuak. Atseginez nabil haur eta gazteentzako liburuak idazten. Bietarik bat aukeratu beharko banu, gaur-gaurkoz, arlo hori aukeratuko nuke: haurrena. Haurrentzat idazten duenak haurraren psikologia, jokaerak eta interesguneak ezagutu behar ditu, eta gertutik bizi, eta ulertu. Haur literaturako egileak erronka handia du sortzen duen gauza bakoitzagaz, ondo zaindu behar du dena, hizkuntza molde egokiz eman behar du, irakurle txikiari emozioa sorrarazi behar dio eta. Ttak! piztu behar du haurraren interesa; hau da, haurra seduzitu egin behar du. Eta ez da erraza haurrentzat ondo idaztea, baina, nire kasuan, gozamen handia da.

Zer esango zenioke liburua irakurri ala ez zalantza duenari?
Liburu ezberdin bat aurkituko duela esango nioke. Aurrekoz atzera zein atzekoz aurrera irakurri daitekeen liburu bat aurkituko duela. Sandra Garayoa ilustratzaileak egindako marrazki eder-ederrak ere aurkituko ditu. Benetan ikustekoak dira. Azken batean, irakurketa dinamizatzeko aukera ematen duen liburua da gurea, euskaragaz eta berba-jokoekin bete-betean jolasteko aukera ematen duena. Animaliekin dantzan egin gura duenak irakurri dezala liburua.

Baduzu beste proiekturik buruan? Bazabiltza beste ezer idazten une honetan?
Gauza pare bat dut esku artean. Laster argitaratuko duten ipuin liburu bati azken zuzenketak egiten nabil, azken birpasa ematen. Bestalde, jatorriz gaztelaniaz idatzita dagoen haur liburu bat euskaratzen nabil Horretan nabil, ba, tipi-tapa...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!