Ruben Garateren senideek, Otxandioko Udalak eta Etxeratek EAEko auzitegiaren agindua gaitzetsi dute

Anboto 2021ko urr. 2a, 15:30

Euskadiko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Ruben Garateri buruzko olana Otxandioko anbulatorioko hormatik kentzeko agindua. Gaur, erabakia salatzeko agerraldia egin dute Otxandioko Udalak, Garateren senide eta gertukoek, eta Etxerat elkarteak.

Bertan batutakoek arbuiatu egin dute Euskadiko Auzitegi Nagusiaren erabakia. Otxandioko alkate Egoitz Garmendiak adierazi du Ruben Garateren heriotza “dispertsio politikaren ondorio” izan zela, eta gertakari hura oroitzen zuen olanagatik “jazarpen polizial eta judiziala” jasan dutela. Garmendiaren berbetan, udalak “elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat” eraiki gura du, eta gaineratu du “Garateren lagun eta senitartekoen mina aitortu eta errekonozitzen” jarraituko dutela, “nekez eraiki daitekeelako elkarbizitza hainbat herritarren minari bizkar emanda.

Agerraldian, Ruben Garate zenaren Ibon anaiak hartu du berba. Bere esanetan, familia “minduta, erasotua era gutxietsia” sentitzen da. Bestalde, sakabanaketa politikaren “aitortza ofiziala, erreparazioa” eta horrelakorik “ez errepikatzeko bermeak” eskatu ditu. 

Etxerat elkarteko kide Patricia Vélezek gaineratu du “dispertsioak eragindako sufrimenduren aitortza onartuta” dagoela “gehiengo sozial, politiko eta instituzioen aldetik”. Orain, baina, “salbuespenezko espetxe politikak” eragindako heriotzei heltzeko sasoia dela adierazi du: “Horiek ere haien lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin jarraitu ahal izateko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!