Otxandioko turismo bulegoko bisitek %22ko igoera izan dute aurtengo abuztuan

Joseba Derteano 2021ko ira. 21a, 11:47

Turismoaren ikuspegitik, abuztu ona izan da Otxandiorentzat. Iazko datuekin alderatuta, turismo bulegora joan den bisitari kopurua %22 igo da hile horretan: 117tik 150era.

Turismo bulegoko arduradun Mikel Sanchezek dio Otxandio Euskal Herriko erdigunean egotea izan daitekeela igoera horren arrazoi bat: "Euskal Herriko barrualdean interesgune asko dago eta turistek erdigunean eta toki denetatik gertu dagoen herri bat aukeratzen dute abiapuntu moduan. Mapa bat hartu eta erdigunea markatuta, Otxandio irtengo litzateke. Hiriburuak gertu daude, mendiak eta ibilbide asko ere bai… Askok herriko eta inguruko nekazaritza-guneetan hartzen dute ostatu", azaldu du.

Abuztuko bisitarien artean, %54 estatukoak izan dira, %42 Euskal Herrikoak eta %4 estatutik kanpokoak: Herbeheretakoak, Poloniakoak, Italiakoak eta Frantziakoak. Uztailean Luxenburgoko eta Belgikako bisitariak ere izan zituzten.

Turismo bulegoa irail osoan egongo da zabalik, barikutik domekara.

Bestalde, Javi Axpek bizikleta elektrikoak alokatzeko negozio bat du Otxandion, eta abuztuan lanpetuta ibili da. Gaur egun 12 bizikleta ditu, euretariko bi umeenak. Behin Herbeheretako familia batek zortzi bizikleta alokatu zizkion, eta Axpe eurekin joan zen Gorbeia ingurura, gidari. Belgikako bisitariak ere izan ditu.

Euskal Herriko bisitariei dagokienez, toki askotatik joandakoak izan dira, baina "batez ere Bilbo inguruko jende asko" joan dela gogoratu du. Estatuko bisitariei dagokienez, Albaceteko, Sevillako eta Toledoko turistekin jardun du, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!