Urduri dantza taldea, gogotsu plazara irteteko

Jone Guenetxea 2021ko uzt. 13a, 09:04

Egunotan, Urduri dantza taldea izango da Otxandioko udako egitarauko protagonistetariko bat.  Uztailaren 18an emanaldia eskainiko dute. Sei edo zazpi talde batuko dira plazan. Pandemiaren eraginez, entseguak bertan behera izan dituzte hainbat hilabetean.

Azken asteetan, ostera, berriro elkartu ahal izan dira. "Orain hilabete ekin genien entseguei", azaldu du Nuria Urigoitia taldekideak. "Taberna bateko irekieran, ekitaldi txiki bat antolatu zuten eta, horretarako, dantzari talde bat batu genuen, neurri guztiak beteta", gogoratu du Asun Diegok. Ekitaldi horren bitartez konturatu ziren gazteak gogotsu zeudela dantzarako. "13tik 18 urtera bitarteko gazteak oso pozik ikusi genituen eta horrek animatu egin gintuen. Arauak lasaitu zirenean gurasoekin batu ginen", dio Miriam Uribek. Kalean aire librean entseatzen hasi ziren, eta Mekoletako jaietan parte hartu zuten.

Dantza tradizionalaren arloan, belaunaldi berriak erakartzea sarritan ez da erraza izaten. Horri urtebeteko etenaldia gehituz gero, egoera zaildu egin daiteke. Otxandioren kasuan, ostera, gazteek gogotsu jarraitzen dute. "Agian genero ikuspuntutik mutil gutxiago etortzen dira, baina talde moduan badago erreleboa", gaineratu du Mikel Urigoitiak.

Sokadantza osatuagoa
Orain urte batzuk, emakumeen sokadantza berreskuratu zuten. Uztailaren 22an Andikona plazan dantzatuko duten sokadantzak, hala ere, aldaketa batzuk izango dituela aurreratu du Endika Garatek. "Dokumentazio bat erakutsi ziguten eta horren arabera berreskuratu genuen sokadantza. Orain, gehiago dokumentatu gara, eta dantza osatuagoa egin dugu", argitu du Kris Lasuenek. Ikerturikoaren arabera, Otxandioko andrek Iurretakoen moduan dantzatzen zuten, baina desberdintasun batzuekin. "Aurretik egiten genuen zatiari beste zati bat gehitu diogu orain. Bata besteagaz osatu dugu", azaldu du Ainhoa Lasuen taldekideak. Lanketa horretan, Urduri taldekoek Iurretako dantza taldearen laguntza izan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!