Otxandioko Oihandi abesbatza zuzendari profesional berri baten bila dabil

Joseba Derteano 2021ko uzt. 10a, 09:50

Otxandioko Oihandi abesbatza errelebo bila dabil arlo batean baino gehiagotan. Behinena, zuzendari berri bat bilatzea da. Aurrekoak, 12 urtean zuzendari izaniko Leire Amenabarrek, kargua utzi du, nahiz eta koruko partaide izaten jarraituko duen, eta abesbatzaren gidaritza eramango duen norbait behar dute.

Arloko ikasketak dituen profesional baten bila dabiltza. Abesbatzari bultzada emango dion norbait gura dute. "Orain arteko zuzendariak boluntario aritu dira, baina barneratuta dugu profesionala den norbait hartuz gero soldata bat ordainduta izango dela", azaldu du Juan Luis Gonzalez de Langarika abesbatzako presidenteak. Interesatuek oihandi.abesbatza@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

Aurrera begirako beste erronka bat korurako kide berriak bilatzea da. Gaur egun 40 bat lagun dabiltza; urterik urtera beherantz egiten dabilen kopurua da eta kosta egiten zaie erreleboa bilatzea eta jende gaztea batzea.

Oihandi Otxandion tradizio handia duen abesbatza da. 1970ean sortu zuten eta 1988tik Bizkaiko Abesbatzen Elkarteko partaide da. Iaz 50 urte egin ziren sortu zenetik. Ezin izan zuten urteurrena ospatu, baina aurten edo datorren urtean ospatzen saiatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!