“Bizikleta elektrikoari GPSa gehituta uneoro ikusi dezakezu non zabiltzan, galdu barik”

Joseba Derteano 2021ko eka. 20a, 12:00

Javi Axpek bizikleta elektrikoak alokatzeko negozio bat martxan ipini zuen iazko udan Otxandion, eta bide onetik doa. Izan ere, laguntza txiki bategaz inguru zabalak bisitatu eta kilometro dezente egiteko aukera eskaintzen dute bizikleta elektrikoek. Orain, apustu berri bat egin eta bizikleta gehiago erosi du hastear dagoen uda sasoiari begira.

Zenbat bizikleta elektriko dituzu orain?
Hasieran bizikleta bi nituen eta lau alokatu nituen udara begira. Orain hamar ditut eta nireak dira denak, erosi egin ditut. Bizikleta bi umeenak dira. Webgune bat ere sortu dut: www.axpeebike.com. Oraindino apustu serioago bat egiteko asmoa dut eta ea funtzionatzen duen.

Zein da bizikletak alokatzen dituztenen profila?
Asko kanpokoak dira, estatukoak. Bilbokoak eta inguruetakoak ere etortzen dira. Egia esanda, toki askotatik etortzen da jendea hona. Otxandiotik Barazarrera bidean, Zeanuriko lurretan, badaude zuhaitzetan eginiko etxola batzuk. Jendeak alokatu egiten ditu eta bete-beterik egoten da beti. Han ostatu hartzen duten bikoteak nire bezerorik onenetarikoak dira. Egunpasetarako planak gura izaten dituzte eta bizikleta elektrikoak oso aproposak dira inguruak ezagutzeko.

Zer toki bisitatzen dituzte?
Gorbeian Otzarreta inguruko pagadietatik eginiko pasealdiak asko gustatzen zaizkio jendeari. Otxandio inguruan ere ibiltzen dira.

Bizikleta elektrikoek bizikletaren erabilera demokratizatu dute?
Baietz uste dut. Mundu guztia ibili daiteke. Familian eta seme-alabekin joan zaitezke. Umeekin ere bai, bizikletako aulkian eserita. Behin Bilboko jubilatu batzuek deitu zidaten. Otxandio inguruan urtegiko ibilaldia egin gura zuten eta bizikletak alokatu gura zituzten. Hasieran harritu egin ninduen, baina, egia esanda, oso aproposa da eurentzat. Bizikleta elektrikoak adin guztietako jendeari zabaltzen dizkio ateak.

Urkiola bisitatzera doazenak ere bezero potentzialak dira.
Bai, jakina. Bizikleta elektrikoak erraztasun handiak eskaintzen ditu han inguruan ibiltzeko. Toki asko daude gainera. Asuntza-Urkiolamendi-Saibigain ibilbidea segidan  eta nekatu barik egiteko aukera eskaintzen dio mundu guztiari.

Zein da txanponaren beste aldea? Zeintzuk dira negozio honen zailtasunak?
Jendea jausten denean matxurak sortzen direla da alderik txarrena. Horrelako pare bat kasu egon dira eta buruko minak eragiten dituzte. Hau da, mantentze-lan dezente eskatzen du. Matxura txiki bat bada konpondu dezaket, baina handiagoak badira konpontzera eraman behar izaten ditut.

Galdu da inor bizikletan eta deitu dizu laguntza eske?
Galtzen dira, baina aldi berean ez dira galtzen. Hau da, Otxandion gatx da galtzea edonon zaudela ere, baina egia da nik esaniko bidetik inor ere ez dela ibiltzen. Baina, tira, ibilbide batetik irteten zarenean, seguruenik beste ibilbide batean sartuko zara. Baina neurri bat hartu dut erabiltzaileak galdu ez ditezen.

Zein da?
Bizikleta bati GPSa ipini diot eta bost zirkuitu gehitu dizkiot. Erabiltzaileak pantaila batean ikusten du ibilbidea zein den eta bera nondik dabilen. Orain hamabost egun ipini nion bizikleta bati. Joan zen asteburuan, Gasteizko lagun kuadrilla batek probatu zuen eta oso pozik geratu ziren. Bizikleta elektrikoari GPSa gehituta uneoro ikusi dezakezu non zabiltzan, galdu barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!