Otxandioko udalbatzarrak Ruben Garateren senideek "pairatutako sufrimendua" aitortu du aho batez

Anboto 2021ko mai. 11a, 09:21

Etxerat-ek sartutako mozioa udalbatzarrean dauden alderdi biek (EH Bildu eta EAJ) onartu zuten apirileko plenoan.

Aurtengo otsailean 21 urte bete dira Ruben Garate 'Anselmo' hil zela. Alcala Mecoko (Madril, Espainia) kartzelan lagun bat bisitatzetik bueltan hil zen, auto istripuan. Garateren nahiz presoak bisitatzera joanda kotxe istripuan hildako beste 15 lagunen senideek euren jaioterrian aitortza merezi dutela-eta, hori bilatzen duen mozioa sartu du Etxerat-ek, herri horietako udalbatzarretan eztabaidatu dezaten. Otxandion, EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten mozioa azken udalbatzarrean.

Horrela, Ruben Garateren senideek "pairatutako sufrimendua" aitortzen du Otxandioko udalbatzarrak. Horregaz batera, askatasuna kentzeko zigorra dutenen deserrotzea saihesteko, desadostasuna erakutsi dute "urrunketaren espetxe politikagaz". Bestalde, espetxe politika "berri baten beharrizana" ikusten dute: "Zigortuak zigorra errotze sozial eta familiarretik gertu betetzea ahalbidetzen duena, haien senideekin duten hartu-emana erraztu eta adingabeko seme-alaben eskubideak defendatzen duena, haien ongizatea bermatzeko", dio aho batez onartutako mozioak. Izan ere, pertsonak "urruntzea" haien senide eta lagunei ezarritako "zigor gehigarritzat" hartzen dute.

Honegaz guztiagaz, presoen problematikari "erantzuna ematea" bilatzen dute, hori egitea "ekarpen garrantzitsua" litzatekeelako "elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko".

Kotxe istripuan hildako senideen beste jaioterri batzuetan ere onartu dute mozioa, Lasarte-Orian, Soraluzen eta Tolosan, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!