Otxandioko egoera hobera egiten ari da apurka-apurka

Joseba Derteano 2021ko mai. 6a, 13:09

Ematen du apurka-apurka egoera hoberantz doala Otxandion. Datuek, behintzat, hori erakusten dute. Azken astebeteko datuak aurreko astekoak baino hobeak dira eta intzidentzia tasa ere beherantz egiten ari da, astiro bada ere.

Apirilaren 14an piztu ziren argi gorriak. Bost positibo egon ziren egun hartan, eta hurrengo egun bietan beste 15 gehitu ziren.

Astebetean, 33 kasu pilatu zituzten. Hurrengo astean, apirilaren 21etik 27ra, egoerak ez zuen hobera egin eta 35 kasu atzeman zituzten; eguneko bost, batez beste. Apirilaren 28tik aurrera, ostera, egoerak hobera egin du. Egun horretatik maiatzaren 4ra 11 kasu detektatu dituzte. Gainera, epealdi horretako egun bitan ez zen kutsatu berririk zenbatu.

Horrela, astiro bada ere, intzidentzia tasa beherantza doa: 4.600ean jo zuen goia eta gaur 2.952an dago.

Otxandio itxialdi perimetralean dago apirilaren 20tik hona eta, datuak oinarri hartuta, horrela jarraituko du beste astebetean gutxienez. Osasun Sailak astelehenetan eguneratzen du itxialdian dauden herrien zerrenda. Horretarako, azken 14 egunetako datuak kontuan hartzen ditu eta lehenengo astebeteko datuen zama handiegia izango da oraindik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!