Baieztatu dutenez, baso-igel jauzkari espeziea aurkitu dute lehenengoz Otxandion, Iñola inguruko urmaelean

Joseba Derteano 2021ko mar. 15a, 11:58

Orain lau urte Otxandion anfibioentzako urmaelak sortu zituztenean, Anbientalia 21 ingurumen aholkularitzako kideek susmo bat baieztatu gura zuten, bertako ekosistema sustatzeaz gainera: herriko lurretan baso-igel jauzkaririk bazegoen jakin gura zuten. Bada, baieztatu egin dute. Oso babestuta dagoen igel espezie hori Iñola zonaldeko urmaeletan aurkitu dute.

"Bagenuen susmoa, baina ez genuen uste hain azkar aurkituko genuenik", adierazi du Anbientalia 21eko Sergio Gallego kideak.

Europako hainbat zonaldetan "nahikotxo" aurkitu daitekeen espeziea da, baina Iberiar Penintsulan ez hainbeste. "Urduñatik behera ez dago baso-igel jauzkariaren konstantziarik. Urduñan eta Gorbeia inguruan aurkitu da. Eta orain badakigu Otxandion ere badaudena", azaldu du Gallegok.

Inguru horretan urmael gehiago sortu gura dute espezie horren ugalketa sustatzeko.

Uhandre alpetarra
Presazelai inguruan urmael gehiago dago eta hango askotariko espezieen artean uhandre alpetarra aurkitu dute. Babestuta dagoen espeziea da. Kasu honetan ere, lehenengoz identifikatu dute espezie horretako uhandre bat Otxandion, eta gertuko jarraipena egingo diote.

Anfibioak "ez ukitzeko" deia
Sarritan gizakia da animalien etsairik handiena, gura barik bada ere. Gallegok ohartarazi du anfibioak ukitzea arriskutsua izan daitekeela animalientzat. "Anfibioek azaletik arnasten dute eta, ukituz gero, gaixotasunak transmititu ahal dizkiegu". Anfibioak "ez ukitzea" da gomendioa, edo, gutxienez, osasun-neurriak hartzea, eskuak eta abar desinfektatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!