Otxandioko 11Lore elkarteak ortu bat kudeatuko du beharrizana duten familiekin elkarlanean

Joseba Derteano 2021ko mar. 8a, 13:29

Azken udalbatzarrean aho batez onartu zenari jarraituta, Otxandioko Udalak eta 11Lore elkarteak hitzarmen bat sinatuko dute. Beharrizanak dituzten herritarrei laguntzeko pauso berriak ematea da helburua.

Udalak bere ondasun bi utziko dizkio elkarteari: lurzati bat, ortu bat garatu dezaten, eta etxebizitza bat, biltegi zein harrera-gune funtzioak beteko dituena.

Ortu modura erabiliko den lurzatia Errekatxiki inguruan dago, beste ortu publiko batzuen ondoan. Datozen asteetan, gune hori garbitu eta atonduko dute proiektuari ekin ahal izateko. 11Lorek eta herriko 12 bat familiak askotariko ortuariak haziko dituzte bertan, modu kolaboratiboan. Elikagai horiek familia horientzat eta beharrizana duten gainerakoentzat izango dira. Modu horretara, parte hartze zuzena izango dute euren elikadura premiak asetzeko, eta, gainera, elikadura osasuntsua bermatuko dute hazitako produktuekin. Beste helburu bat elkarrezagutza sustatzea da. "Integraziorako bide bat izatea gura dugu. Parte hartuko duten familiarik gehienak etorkinak dira eta ortuaren bitartez hartu-emanetan ipiniko ditugu euren artean zein  hemengo jendeagaz", adierazi du Onintze Lopez de Letona udaleko zinegotziak. Etorkizunean emakumeek paper protagonista bat izatea ere bilatuko dute.

Etxebizitza
Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bat 11Loreri uztea izango da hitzarmeneko beste puntu bat. Hutsik eta 'jantzi' barik dagoen pisu hori Mediku kalean dago. Orain arte biltegi lez erabiltzen zen lokalagaz alderatuta abantaila nagusi bi ditu: leku gehiago du produktuak gordetzeko, eta familiak atenditzeko harrera-gune bat izango du.

Urte askoan lanean
Herritar talde batek urteak daramatza premia dutenei laguntzeko lanean. Etorkin etorriberriei laguntzeko harrera talde moduan hasi ziren. Ondoren, beste pauso bat eman eta elikagaien bankua sortu zuten. Puntu horretan zeudela, gauza bigaz konturatu ziren: elikagaien premia zegoela —ortu berriak behar horretatik sortu dira—, baina baita ere beharrizanak ez zirela elikagaietara bakarrik mugatzen. Etxetresnak, arropak… Familiek beste gauza batzuk ere behar zituzten. Horrela, apurka-apurka, kate solidario bat sortu zuten herritar askoren laguntzagaz. Beharrizanak identifikatu, zerrenda whatsapp taldean zabaldu eta herritarrengandik jasotakoak biltegian gordetzen zituzten familien artean banatu aurretik. Orain, funtzio hori egokiago bete ahalko dute udalak utzitako etxebizitzagaz.

Hasieran mugimendu bat zena elkarte bihurtzea erabaki zuten, eta hortik sortu zen orain hile batzuk 11Lore elkartea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!