Herritarren kexekin batera, Otxandioko Udalak idatzi bat bidaliko dio Kutxabanki kutxa zerbitzua egunero eskaini dezan eskatzeko

Joseba Derteano 2021ko ots. 18a, 09:31

Herri txikietan geroago eta ohikoagoa bihurtzen dabilen joera da honako hau: bankuek geroago eta zerbitzu murritzagoa eskaintzen dute eta horrek mugatu egiten du herritarrek banku-kudeaketak egiteko duten aukera. Otxandio da horren adibide bat. Horregaitik, udalak erreklamazio idatzi bat bidaliko dio Kutxabanki herriko egoera zein den azaldu eta hainbat eskaera egiteko.

Udalak ohar batean onartu duenez, Kutxabankek Otxandion ematen duen zerbitzuaren inguruko kexak helarazi dizkiete herritar askok. Horregaitik, egonezin hori jaso eta bankuari kezka modu zuzenean helarazteko konpromisoa hartu dute. Herritarrei eskatu diete euren kexak Kontseilupeko buzoian zein udaletxean uzteko. Otsaila amaitu arte dago horretarako aukera. Orain arte 275 kexa jaso dituzte eta Kutxabanki bidaliko dioten erreklamazio idatziaren parte izango dira.

Sasoi batean, Kutxabankek asteko egun guztietan ematen zuen kutxa zerbitzua, baina egun bira murriztu du, eta ordutegi jakin batean.  "Horrek jende pilaketak sortzen ditu, pandemia sasoi honetan gomengarriak ez direnak", jasotzen du idatziak.

Gainera, bulegoko kutxazaina "ez dabil behar den moduan", idatziaren arabera. "Asteburu askotan ez dabil, eta ezinezkoa izaten da dirua ateratzea".

Arazoak adinekoentzat
Erabaki horien ondorioz, "adineko jende askok arazoak ditu bere gestioak egiteko, ezin dutelako kutxazain, telefono edo bestelako baliabide telematikoen bitartez egin". Era berean, kutxa zerbitzuaren ordutegi murriztuak "ez ditu inola ere herriko negozio txikien beharrizanak asetzen". Baina arazoa ez da sektore batzuetara bakarrik mugatzen, eta "herritar guztiei konplikatu die eguneroko gestioak egin ahal izatea", idatziak zehazten duenez. Laburbilduta, bezeroen eta bankuen arteko hartu-emana modu iraunkorrean indartzea "oso garrantzitsua" iruditzen zaie eta erlazio hau "ezin da inolaz ere teknologiagaz ordezkatu".

Eskaerak
Egoera horren aurrean, Kutxabank bankuari zuzendutako idatziak hiru eskaera jasotzen ditu. Lehenengo, kutxa zerbitzua "berriro ere egunero" eskaintzea. Bigarren, abuztuan bulegoa ez ixtea, orduan ere badago-eta beharrizana herritarren artean. Azkenik, Otxandioko banketxeko kutxazainaren mantenua "era egokian egitea". Udalaren eta Kutxabanken arteko batzar bat egitea ere eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!