Otxandioko aurrekontuetan hasita dauden proiektuak amaitzeari eman diote lehentasuna

Joseba Derteano 2021ko urt. 20a, 08:45

Otxandion, 2021era begirako aurrekontuak onartu dituzte Gobernu Taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu zuen. 

Endika Garate jeltzaleak ezezkoa bozkatzeko arrazoiak eman ditu. Batetik, Anteparaluzetako bide zatia oinezkoentzako egokitzeko proiektua "lehenetsi" beharko litzatekeela uste dute, beste proiektu batzuen gainetik. Horrez gainera, "ez dute ulertzen" zabor tasak zergatik igo diren.Sarrerak eta irteerak 2.091.366 eurotan parekatu dituzte aurten. Egoitz Garmendia alkateak aurrekontuak diseinatzerako orduan kontuan hartutako irizpide nagusiak azaldu ditu. "Gastu sozialean murrizketarik ez egoteari eta martxan dauden proiektuak amaitzeari eman diegu lehentasuna", adierazi du.

Mainondoko frontoi azpiko gimnasioa amaitzea da proiektu horietariko bat. Lehenengo fasean, gela bat egokitu eta sarrera-irteerak atondu zituzten, irisgarritasun neurrietara egokituta. Aurten, ostera, areto nagusia egokitzea da helburua. 87.000 euro bideratu dituzte horretara. Plazako eraberritze lanak dira bigarren proiektu nagusia. Eta, aurten, hirugarren eta azken fasea gauzatuko dute, 320.000 euroko inbertsioagaz. 122.000 euro Aldundiko diru laguntza bategaz estaliko dituzte. Lehenengo fasean, udaletxetik gertuen dagoen zonaldea eraberritu zuten eta iaz frontoi inguruaren txanda izan zen. Aurten, zonalde bi horien artean dagoen espazioan arituko dira, hau da, plazan bertan. Lanen dinamika aurreko fase bietako berdina izango da: lehenengo, zorua kendu eta indusketa lanak egingo dituzte; ondoren, gunea estali eta zoru berria ipiniko dute.

Memoriaren gunea

Urte hasiera honetan, aurrekontuetan aurreikusita dagoen beste egitasmo bat ere gauzatu gura dute. Memoriagaz du zerikusia. 1936an Otxandioko bonbardaketan hildakoen gorpu asko galduta daude oraindino. Udalak agindutako ikerketen —Aranzadi Zientzia Elkarteari, besteak beste— arabera, ematen du bonbardaketan hildako askoren hezurrak herriko kanposantuko hobi batean daudela. Hori egiaztatzeko, indusketak egingo dituzte han, elurra urtu bezain laster. Hezurrak han aurkituz gero, ez dituzte aterako. Horren ordez, ingurua atondu eta Memoriaren Gune bat sortuko dute bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!