Adin guztietako jendeari atea ireki eta “eremu zabalago” bat bihurtu gura du Otxandioko Gaztetxeak

Joseba Derteano 2020ko abe. 1a, 09:08
Joan zen domekako ekimeneko irudia.

Gaztetxearen 20. urteurrenaren harira, Inausiz Inddertu izeneko kanpaina abiatu eta aurrera begirako helburuak plazaratu dituzte.

2021eko ekainean 20 urte egingo ditu Otxandioko gaztetxeak. Gaztetxearen helburuak eta jarduna eguneratzeko sasoia dela uste bertako kideek eta horretan eman dituzte azken hilabeteak, etorkizuneko bidea definitzen. Prozesu horretatik irtendako ondorioak joan zen domekan aurkeztu zituzten, Otxandioko plazan egindako ekitaldian.

Alde batetik, gazteen “saretzea” eta gazteen artean “begirada kritiko bat” garatzea “beharrezko” ikusten dute. “Horretarako ezin aproposagoa ikusten dugu gaztetxea”, azaldu zuten.

Orain arte gaztetxea gazteentzako etxe moduan ikusi den arren, ikuspuntu hori “zabaldu” nahi dute. “Adin guztietako jendeari ateak ireki gura dizkiogu. Egia den arren gazte izateak beragaz problematika jakin batzuk dakartzala, gaztetxeak eremu zabalago bat izan nahi du, gizarte osoari eragiten dieten problematikei aurre egiteko leku bat”.

Kultur eskaintza “zabala”

Urteurrenaren harira kultur eskaintza “zabala” iragarri dute, eta “otxandiar guztiak” parte hartzera deitu dituzte. “Gaztetxeko ateak zabalik daude edonorentzat: bai ekintza puntualetan parte hartu gure dutenentzat zein konpromiso bat hartu eta asanbladetan parte hartu nahi duenarentzat”, esan zuten.

Aurreratu dutenez, urteurren eguna, ekainaren 4a, “bereziki” ospatuko dute, baina “urte osorako egitarau” bat ere jarriko dute martxan.

Saretzearen balioa

Azken urteetan Euskal Herri osoko gaztetxeek eta gazte asanbladek bizi duten "gainbeheraren" aurrean saretzearen balioa azpimarratu zuten. "Gainerako gazteekin saretuz, hortik indartuta irtengo gara. Bizitakoarekin ikasita eta gaztetxea eraiki zuten horren ondorengotza jasota, etengabe berritu behar dugu gure jarduna eta horretan gabiltza".

Joan zen domekako aurkezpeneko irudia. Aurkezpeneko bideoa Instagram-en ikusgai: otxandiokogazteasanblada.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!