“Harri Koskor proiektu txikia da, mimo handiz sortutakoa”

Aitziber Basauri 2020ko aza. 15a, 11:50

Eskolarako materiala, nezeserrak, meriendako poltsak, mugikorren kargagailuetarako zorroak... Eguneroko beharrizanei erantzuteko produktuak sortzen ditu Nekane Ortiz de Zaratek, Harri Koskor izenpean. Guztiak oihalekin. Oihalok Arrasaten, Durangon edo Gasteizen erosten ditu. Hala ere, urtean behin edo birritan, Bartzelonara egiten du buelta, oihal bila.

Noiz eta zelan sortu zenuen Harri Koskor proiektua?
Oraindino jaiotze prozesuan dagoen proiektua dela esaten dut nik. Alaba jaio zenean hasi nintzen, orain zortzi urte. Jostea gustatzen zitzaidan eta Olentzerok ekarritako josteko makinagaz alabarentzat produktuak egiten hasi nintzen. Gauza piloa egin nuen eta lagunak xaxatzen hasi zitzaizkidan, saltzeko esaten. Bada, orain hiru urte stand-a ipini nuen Otxandioko abenduko azokan. Harri Koskorren aurkezpena izan zen. Arrakasta izan zuen, herrian oso ondo hartu zuten. Orduan hasi nintzen sare sozialetan apur bat zabaltzen. Beti maila txikian, ingurukoentzat egiten ditut produktuak.

Egunerokoan erabiltzeko hainbat produktu sortu dituzu.
Pardela aldatzeko toalla, txupetea lotzeko zinta, Montessori pilotak, arranberak... egiten hasi nintzen. Gero, kalerako arbel biribilkatuekin eta memoria jolasekin hasi nintzen, eskolarako estutxeekin... Alabagaz batera pausoz pauso hazten joan da Harri Koskor. Eta inguruan sortzen ziren beharrizanekin ere bai. Horretan oinarrituta sortzen dut, eta luzaroan erabiltzeko helburuagaz.

Atzean bizi filosofia bat dago? Zaborra murriztera animatzeko era da.
Bai. Zaborra murrizteko eta gaur egungo kontsumo erak aldatzeko. Kalitatezko produktua sortzea da helburua, denbora iraungo duena.

Harritu zaitu izan duten harrerak?
Ez dakit txipa aldatzen ari garen edo denak duen lekua. Plazara joan eta Harri Koskorren merienda poltsak edo ogitarteko zorroak ikusteak poza ematen dit, inora joan eta nik egindako poltsak ikusteak. Oso gertuko merkatua da Harri Koskorrena, eta ez dut zabaltzeko beharrizanik. Proiektu txikia da hau, mimo handiz sortutakoa.

Enkarguz lan egiten duzu batez ere.
Bai, eta ditudan oihalak erakusten dizkiet, aukeratzeko. Gustatzen zait norentzat ari naizen josten, nor dagoen atzean. Hala ere, baditut produktuak stock-ean, arrakasta dutenak. Azoketara eramateko, neuk gura dudana sortzen dut, eta hori ere asko gustatzen zait.

Zeintzuk dira arrakastatsuenak?
Ogitarteko zorroak, adurretakoak, pardelak aldatzeko toalla, konpresak eta tanpoiak eramateko zorroak...

Baduzu enkargurik bereziki gogoan?
Asko izan dira bereziak. Baina, orain gutxi, bezero bategaz sortutako hartu-eman berezia dut gogoan. Errotuladoreak gordetzeko ere balio zuen umeentzako karpeta bat ikusita, haren modukoa eskatu zidan berarentzat. Ez nuen argi ikusten, eta bion artean bere premiei egokitutako karpeta sortzea lortu genuen: post it bat, boligrafo bi eta koadernoa sartzeko karpetatxoa, bilera bat duenerako. Polita izan zen bion arteko lan hori. 

Zein duzu erronka?
Astiro doan proiektua da, nire erritmora. Hori dut gustukoen. Ordu asko eskaintzen dizkiot, baina ez dut lan modura hartzen. Eta ez dakit nora helduko den eta zein bide hartuko duen. Orain, prozesu horretaz disfrutatzen ari naiz. Orain hiru urte inork ere ez zuen Harri Koskor ezagutzen; orain, askok ezagutzen dute, eta erabiltzen dituzte nik sortutako produktuak. Bakoitza oihal mota bategaz dago eginda, eta horretarako endredatu egin behar da. Oraindino asko dut ikasteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!