Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarrak Bergara Hiria binakako pilota txapelketa irabazi du

Joseba Derteano 2020ko urr. 15a, 09:36

Ainhoa Ruiz de Infante -eskuman- eta Maite Ruiz de Larramendi atzo, Bergaran.

Ainhoa Ruiz de Infantek bere ibilbideko bigarren txapela lortu du. 

19 urte besterik ez eta apurka-apurka txapelak pilatzen ari da Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra. Iazko ekainean Bizkaiko lau t'erdiko txapeldun geratu zen pilota goxoarekin eta martitzenean Bergara Hiria txapelketa irabazi zuen Maite Ruiz de Larramendi eulatearrarekin (Nafarroa) bikotea osatuz.

Bergarako pilotalekuan jokatutako finalean 22-17 menderatu zituzten Olatz Ruiz de Larramendi  eta Iera Agirre. Partidu gogorra jokatu zuten. Irabazleak beti aurretik ibili ziren, baina tanto gutxiko aldearekin. Ruiz de Larramendik erasokor jokatu zuen, arriskatuz. Pilota bat edo beste galduagatik, bederatzi tanto amaitu zituen eta inspiratuta ibili zen. "Txisparekin sentitu nintzen eta pilotari abiadura eman ahal izan nion", adierazi du aurrelari otxandiarrak.

Txapelketa irabaztea sorpresa izan da eta hainbat faborito utzi dituzte bidean: iazko Master Cup txapelketako lau t'erdikoa irabazi zuen Miriam Arrillaga final laurdenetan, eta Plazandreak torneoko onena izan den Olatz Arrizabalaga final erdietan. "Udako Plazandreak torneoa Maiterekin jokatu dut eta berarekin oso ondo konpontzen naiz. Hartueman hori garrantzitsua izan da txapelketan aurrera egiteko", azaldu du.


Martitzeneko txapeldun eta txapeldun ordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!