“Bizikleta elektrikoa aurkikuntza zoragarria izan zen niretzat”

Aitziber Basauri 2020ko ira. 13a, 10:00

Danoena taberna darama azken 25 urteetan, eta horixe du ofizio Jabi Axpek (Otxandio, 1976). “Ez nuke aldatuko. Tabernako lana, jendeagaz sortzen den hartuemana asko gustatzen zait”, dio. Hala ere, erronka berri bati heldu zion uztailean: mendiko bizikleta elektrikoak alokatzea. Estankoa ere badu herrian, eta horren osagarri lez ipini du martxan proiektu berria. Mendiko sei bizikleta elektriko ditu alokairuan, 8-9 urteko umeentzat bi eta helduentzat lau.

Zer dela-eta hasi zinen mendiko bizikleta elektrikoak alokatzen?
Egia esan behar badut, kapritxo bat izan da. Ekainean bizikleta elektriko bat erosi nuen neuretzat. Itzelean gustatu zitzaidan esperientzia, eta ikusita Otxandion geroago eta turismo gehiago dagoela, bizikleta elektrikoak alokairuan ipintzea okurritu zitzaidan. Estankoaren osagarri moduan ipini dut martxan, eta handik bideratzen ditut gestio guztiak.

Zu zeu bizikletazalea zara?
Ez larregi. Esku pilotan aritzen naiz eta futbolaria izan naiz bizi osoan. Iaz utzi nuen Vulcano. Hala ere, pentsatu nuen bizikletan asko ibiltzen ez garenontzat (barrez), apur bat alperrak garenontzat, Otxandio inguru guztia bisitatzeko modu erraza eta polita izan zitekeela bizikleta elektrikoa. Edonork egin dezake 25 kilometroko ibilbide bat, nekatu barik. Turistentzat ere oso aukera ona da Anboto eta Gorbeia inguruak ezagutzeko. Goiz batean leku asko bisitatu daitezke.

Zelako harrera izan dute?
Uda arraroa izan dugu, baina harrera ona izan dute. Batez ere herriko jendeak alokatu ditu, proba egiteko. Turistek ere alokatu dituzte, askok Gorbeiako Parke Naturaleko Otzarreta pagadira joateko. Udagoiena dator orain, eta uste dut sasoi ona izango dela; izan ere, eguraldi ona eginez gero, mendira joateko hilerik politenak dira. Gainera asko herritik kanpora ibili dira oporretan.

Ibilbideak ere proposatzen dituzu. Proposatuko zeniguke guri bat?
Oletaraino joan eta handik Urkiolarako bidea egitea proposatzen diet bezeroei, eta Otxandiora bueltatu aurretik Pol-Polera igotzea, adibidez. Beste ibilbide polit bat Otxandioko futbol zelaitik irtenda egin daiteke: Altugaineraino igo eta Barazarretik jaitsita, Otzarreta pagadira, Gorbeiako Parke Naturalera, joan daiteke. Ubidera ere joaten dira batzuk, eta gero Motxotegitik bueltatzen dira Otxandiora. Bestalde, herritik irten barik, San Bernabe mendira igo daiteke Mekoletatik, eta Astikurutz nebera bisitatu. Urrunagako urtegiraino doan bidea hartu daiteke gero; orain dela gutxi zabaldu dute eta urtegiaren albo-albotik egiten duzu bidea. Ibilbide erraza eta laburra da.

Bizikleta elektrikoen erabilera nabarmen igo da aisialdirako eta turismorako. Zu zeu ere harrapatu zaitu.  Zein sentsazio sortu zizun?
Aurkikuntza zoragarria izan zen niretzat. Ordubetean 20 kilometro egin daitezke, nahiko erraz. Ohiko mendiko bizikletagaz, prestatuta egon behar duzu hori egiteko. Bizikleta elektrikoetan ere pedalei eragin behar zaie, baina asko errazten du bidea.

Ahalegin txikia eskatzen dute.
Hori diote batzuek, tranpa egitea dela! Dena dela, ohiko bizikletagaz baino leku gehigotara heltzeko aukera ematen du. Gutxi nekatzen zara eta inguruko parajeak ikusteko aukera duzu. Adin bateko txirrindulariek gazteekin ibilbideak egiteko aukera moduan ikusten dute, hala esaten didate tabernara datozen hainbatek. Bestela egin ezingo lituzketen ibilbideak egiten dituztela diote. Joan zen asteburuan, 75 urteko bikote batek alokatu zituen bizikleta elektrikoak. Hiru egunerako etorri ziren Otxandiora eta ingurua bisitatu gura zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!