Mainondoko haur parkearen ondoan dauden lau zuhaitz pozoindu dituzte

Joseba Derteano 2020ko uzt. 9a, 09:46
Irudietan Mainondoko haurren parkea eta pozoindutako zuhaitzak hostorik gabe. (Argazkia: Otxandioko Udala)

Mainondoko haur parke inguruan hainbat zuhaitz garai daude eta euretariko lau ihartuta daudela dirudi. Berez, hostoz jantzita egon beharko lirateke. Norbaitek pozoindu egin dituelako daude horrela.

Zuhaitzak biluzik ikustean, udal arduradunak tokira bertaratu eta egoera aztertu zuten. Norbaitek zuhaitz horietan zuloak egin zituela ikusi zuten. Zuhaitz bakoitzak zulagailuagaz egiten diren moduko zazpi-zortzi zulo ditu enborrean eta sustrai inguruan. Zulo horietan zuhaitzak kaltetu dituen substantziaren bat isuri du norbaitek. Udalak jarrera horiek gaitzetsi ditu sare sozialetan. "Zuhaitzak guztiz lehortuz gero, jolastokiak gerizpea galdu eta umeak arriskuan egongo lirateke. Natura zaindu egin behar da, ez suntsitu", diote.

Irudian zuhaitzetan egindako zuloetako bat ikusi daiteke. (Argazkia: Otxandioko Udala)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!