Udan herrira datozen bisitariei begirako informazio puntua jarri dute Otxandioko plazan

Joseba Derteano 2020ko uzt. 7a, 08:30
Otxandio plaza nagusian dagoen informazio puntuaren irudia.

Joan zen zapatuan inauguratu zuten eta uztailean, abuztuan eta irailean egongo da zabalik, asteko hainbat egunetan.

Udan Otxandiora doazen bisitariei herrian dagoen askotariko eskaintzaren berri emateko informazio puntu bat ireki du udalak plaza nagusian. Joan zen zapatuan ireki zituen ateak eta turisten zerbitzura egongo da hurrengo hiru hilabeteetan.

Uztailean eta abuztuan, eguazten eta eguen goizetan, bariku arratsaldetan eta zapatu eta domeka goizetan egongo da zabalik; irailean, berriz, bariku arratsaldetan eta asteburu goizetan eskainiko du zerbitzua udalak beren beregi horretarako kontratatu duen pertsona batek.

Azken aldian herrira doazen bisitari kopurua hazi egin delako abiatu dute zerbitzu berria. Bisitarientzako baliagarria izan daitekeen informazio guztia hantxe eskuratu ahalko da: herri inguruan naturaz gozatzeko dauden aukerak (ibilbideak, baso eta pagadiak…) zein herrian bertan dauden interes-guneak. Horrez gainera, herriko komertzioen, ostalaritzaren, alojamendurako aukeren eta antzerako kontuen gaineko informazioa eskuratu ahalko da informazio puntuan.

 'Otxandio biziguraz betie' leloa jarri diote ekimen berriari. Osasun krisiaren ostean, normaltasun berriari indarberrituta heltzeko herrian dagoen borondatea ere islatu gura izan dute mezuarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!