[IRITZIA] Koikili Lertxundi: "Gizakia birusaren jabe?"

Anboto 2020ko eka. 8a, 09:08

Osasun-krisiak eragindako sentimenduak eta ideiak hausnarketa batean borobildu ditu Koikili Lertxundik.

Hona hemen iritzi artikulua:

"Bazen garaia! Azkenean iritsi da sufrimenduari agur esateko unea!

Zirkulazio eta bihotzeko komeriak direla eta, gaixotasun kroniko, endemiko eta pandemikotzat har daitekeenak heriotzari ateak zabaldu dizkio. Ate berria, ezezaguna bezain hotza, bertatik igarotzeak zerura bidaliko ote gaituen esperantza lasaigarria izan arren, benetako unea iristen denean, akaso bertatik igaro direnak oraindik kontatzeko aukerarik izan ez dutelako edo, kontuak kontu, ditxosozko ateak beldurra sorrarazten du. Planifikaziorik zehatzenean ere, ezustean harrapatzen gaituena, sorpresatik haratago dioana, zientifikoki ezagutzen den makinarik perfektuena gaixotu eta sentimendurik ez duen beste makina artifizial baten laguntzari esker, funtzionatzeari uzten dion unearen tamainako ezustekoa alegia. Denbora tarte luzeegian zehar, ustez edozein egunean gerta zitekeenak ere, ezustean harrapatzen zaituenean!

Agurraren beldurra izuaren agurrean bilakatua. Adimenak eta kontzientziak argia itzali eta atseden hartzeko gonbitea luzatzen dizunean, itxuraz atseden goxoa, errealitatean gazia oso, ziur aski atsedena hartzeko atea irekitzearen hautua norberak hartu ez duelako.

Baina kontraesana iruditu arren, pozik egoteko moduko agurra izan da. Borrokak izan du bere saria eta ordainsaria garestietan garestiena izan arren, zorionez, antzeko egoeran dauden eta estatistiketan, krudeltasun osoz, ustez COVID-19 izeneko birus madarikatu honen erruz hil diren pertsona mordoa ez bezala, atea lasai igarotzeko beharrezkoa den famili kideen bultzada, babesa eta azken besarkadaz gozatzeko pribilegioa izatea sekulakoa izan da. Tenpleu joan ahal izateko azken aldapa luze eta malkartsua, azken saihets kolpea, bizitzak aurrean jartzen gaituen bidegurutze definitiboaren azken hatsa.

Ordea Juliok tinko eutsi dio erronkari. Martxotik hona, bere gaixotasun pandemikoaren zamari (azken urteotan transfusioz transfusio erietxetik etxera, etxetik erietxera) pandemia berriak ekarri dituen ondorioak bizkar gaineratu zaizkio. Eta orduan ohartu da zein egi gutxi eta zenbat gezur pila dauden COVID-19 izenekoaren atzean.

Izan ere, nola uler daiteke aspaldi hilzorian eta sistema inmunologikoa transfusio bidez berraktibatzea besterik gelditzen ez zaionak bi positibo izan eta osatzea? Nola uler daiteke lehen positiboa eman ondoren, emazteak ere ospitalean positiboa eman eta etxera bidaltzea? Akaso une horretan kontagioen pikorik handienean kutsatuen estatistiketan beste bi pertsona gaineratzeko? Nola uler daiteke gizona ospitalean lehen positiboaz osatu, negatiboa eman eta berriro etxera bidaltzea positiboa duen emaztearekin batera hurrengo ospitalizazioa hel bitartean? Nola uler daiteke benetan egoera beldurgarri honetan, gizona ospitalean den bitartean emazteak eta familiak Test famatua etxean egitea eskatzea eta Osakidetzak baietz esan eta esan eta ez egitea? Zertarako larrialdietarako telefono zenbakia eman, zenbaki horretan komunikatzea ia ezinezkoa denean? Zergatik egoera oso larria izanda eta komunikatzea lortuta ere, larrialdi zerbitzurik ez jasotzea? Zergatik hainbeste gezur?

Artean ospitalizazio bakoitzeko eta positibo bakoitzeko, atera kontuak nolako egoerak bizi izan dituzten zuzeneko familiarrek, aparientziazko protokolo guztiak horiek bai, horiek zehatz mehatz bete beharra. Ospitaleko parkingean kotxean notiziaren baten zain, ezin gaixoa ikusi, ukitu, babestu… eta etxean mozorrotutako astronautak bailitzan, protokolo hori jarraitzera behartu zaituen osasun erakunde horri kutsaturik edo kutsatu barik ote zauden bost axola zaionean? Zertan ari gara? Nola jolas daiteke horrela, txontxongiloak bailitzan, babes gehien behar dutenekin?

Horrela, salbuespen egoera honek, aurrez salbuespen egoeran zeuden eta oraindik daudenen egoera, are gehiago larritu du. Ez soilik, birus honek osasun ikuspegitik arrisku bizian jartzen dituelako, baita honen eraginez isolamendu eta konfinamendu fase ezberdinetatik pasa garen estatu gehienetako biztanleok, benetan bizitza galdu duten eta galtzear daudenei bizkarra eman diegulako, ohartuta edo ohartu gabe. Izan ere, politika eta osasungintzako aginduei men eginez erakutsitako obedientzia militarraren pareko jarreraren ondorioz, aurreikusia zenez, hiritar lez ditugun eskubide eta obligazioen arteko oreka erabat desorekaturik gelditzea zirkinik egin gabe onartu dugu.

Hausnarketa hotzean egiten badugu, bi eskubide gelditu zaizkigu baimendurik, adierazpen askatasuna eta boto eskubidea, bata sare sozialetara eta balkoietara mugatua, bestea oraindik salbuespen egoera betean gaudelarik, bi hilabete baino gutxiagoko epean konbokatuak. Okerrena ordea, edo behintzat kezkagarria oso, egoerak tamainako erantzun politikoa eskatzen bazuen ere, prozedura arrunta jarraitu eta egun gobernuan dagoen “gehiengoa” ordezkatzen duten alderdiek beraien diskurtsoetan bolo-bolo darabilten adostasuna hitzak berez duen urrezko balioa galdu du berriz ere. Joera errepikakorra eta zinez kezkagarria, horrela jarraitzekotan adostasunak demokraziari eman diezaiokeen urrezko distira itzali eta herdoiltzera joko du, ordezkaritza politikoan oinarritutako demokrazien hiztegian desagertzeko arrisku larria izateraino.

Honek ere tamainako erantzun soziala eskatzen bazuen ere, birus ezezagunaren propagazioak eta ondorengo isolamendu/konfinamendu egoerak erabat gatibu eduki gaitu, egoera berrira etengabe egokitu beharrean. Jakina denez beldurrak norbere buruan soilik pentsatzera eraman eta pertsona orok dugun berezko babeserako jarrera egoistak nagusitzen dira. Aurrez aipatu bezala, adierazpen askatasuna internet eta etxeko balkoietara mugatzea beste aukerarik ez dugu izan. Baita egin ere, lehenbiziko egunetik gainera. Tamalez hildakoei eta beraien familiei elkartasuna helarazi beharrean, aipatu keinuak profesional, ume, alderdi, polizi, ejertzito, gobernu … ezberdinei esker ona emateko erabili dira.

Honetan badu zer esan handia (hezkuntzarekin batera) botere faktiko ideologikoak komunikabideei emandako zeregina, propagazioaren inguruko bonbardaketa etengabea eta beldurgarria oso agerikoa izan baita, izaten ari baita eta zoritxarrez susmoa daukat izango duela.

Aitortu beharra daukat nire buruari promes egin niola ez nuela albistegirik ikusiko. Tira, testua idatzi eta idatzi, datu bat baieztatzeko Gaur Egun albistegira jo eta hara sorpresa! Titularrean jarri zaituztela uste dut Julio! Edo… ez? 10 segundotan horrela zioen testualki “Koronabirusak azken egunetako golperik goooooogorrena jo du azken 24 orduetan Euskal Autonomi Erkidegoan, 10 hildako egon dira atzotik gaur arte, bezperan baino 8 gehiago…” segidan 25 segunduko bigarren berri balsamikora arin igaroz “…gaixotasunaren hedapenaren garapenak aldiz joera ona du, 6 lagun baino ez dira kutsatu egin diren 4.277 PCR probetan, eta sendatu ere jende gehiago sendatzen da, esaterako Basurtuko ospitaletik arratsaldean aterako dute bertatik gizon hori, azken gaixoa…”, hirugarren berria 25 segundotan, medikuei elkarrizketa eta guzti eginez eta aipatutako pertsona iruditan jarriz.

Hots, berriz ere zifra kuantitatiboak baliatuz, pertsonekin jolasean. Gaur Egun albistegiaren lehen minutuak dena laburbiltzen du. Beldurra sartzeko orduan bai hildakoak erabili (titular motz eta inpaktantean), baina soilik zenbakiei garrantzi emateko eta 8 hildako gehiago daudenez, beldur gehiago sartzeko. Ez nortzuk, ez zein adin, ez zein egoeratan, ez non … ezer ez kualitatiboa, soilik beldur kuantitatiboa. Ordea, kontagio eta osatutakoei dagokienean 50 segundoko kobertura, datu kuantitatiboak eta kualitatiboak nahastuz, medikuei elkarrizketak eginez eta inkluso azken gaixoaren irudiak emanez …

Hau da hau hipokresia, berriz ere pertsonekin jolasean, euskaraz eta telebista publikoan, nork esango eustan ditxosozko aparatua izetzeko? Amorrazioaz amatatu dot!

Tenpleu joan Julio, atea beldur barik eta duintasun osoz zeharkatu, beste aldean utzitako arrastoa ez da nolanahikoa eta. Pandemia honek begiz jo eta azken aizkorakada emateko gertu agertu arren, zure gorputzaren jabe izateko ahalegin bikoitza egin duen arren.

Testuarekin bukatzeko, testua beraren heldulekua azpimarra nahiko nuke. Balio dezala beraz gertakizun historikoen narrazioen baitan, gizakiaren garapenak zenbakietan eta ekologian duen eragin kuantitatiboaz haratago, gizakiarengan duen eragin kualitatiboari ere argi izpi bat zabaltzeko. Bide batez, edozein diziplinan zientzia edo errealitate zientifiko gisa kontsideratzeko beharrezkoak diren adierazle kuantitatiboen eta kualitatiboen arteko oreka berreskuratzen laguntzeko.

Baina batez ere informazioaren gizartea deituriko honetan dagoen azaleko informazio bonbardaketa etengabearen baitan, lurperaturik aurkitzen diren, benetan tragikoak diren eta denon arreta zein laguntza behar duten pertsona nahiz familien istorioak aditzera emateko balio dezala.

Horrela bada, papera, tinta, ordenagailuak, sare sozialak, telefonoa, kalea edo/eta balkoia bezalako elementuek lagun gaitzatela EAE (1424) Nafarroan (490), Iparralden (20tik gora) eta Espainiar estatuan hil diren 27.133 familiei elkartasun oihua helarazteko! Zuek bai zaretela heroiak!"

Koikili Lertxundi. Historian Lizentziatua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!