Bertako basoak berreskuratzen jarraitzen dute Otxandion, 1.400 zuhaitz landare berri landatuta

Joseba Derteano 2020ko mar. 11a, 09:23

Gomilaz eta Gordobil auzoen arteko hektarea bitan, zuhaitz autoktonoen 1.400 landare berri daude. Aurretik han zeuden haritz amerikarrak kenduta, Anbientalia 21-ek landaketa berria amaitu berri du bertako basoak berreskuratzeko garatzen ari den proiektuaren barruan. Otxandioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren languntza dute egitasmoa aurrera eramateko.

Landareak aukeratzerako orduan, ingurua garbitzen zebiltzala aurkitutako bitxikeria bat kontuan hartu dute. Sasoi batean erletegiak babesteko funtzioa zuen harrizko horma bat aurkitu dute. Horrela, etorkizunean eremua erletegi moduan berreskuratzeko aukerari atea zabalduta, erleentzant "aproposak" diren zuhaitz landareak ipini dituzte, Sergio Gallego Anbientalia 21-eko kideak kontatu duenez. Basoko makatzak, basoko sagarrak, gerizondoak, elorri zuria, basarana eta hainbat txilar espezie landatu dituzte, besteak beste.

"Han zelako erletegi mota zegoen ikertzen gabiltza. Errekurtso naturalak zelan erabiltzen zituzten jakin gura dugu. Beharbada erabilera bat eman ahal zaio etorkizunean. Bioaniztasuna eta historia lotzeko modua da", azaldu du Sergio Gallegok.

Anfibioen urmaelak
Landaketa eremutik ez oso urrun, Presazelain, hainbat urmael egin zituzten orain urte bi, anfibioen ugalketa errazteko, eta emaitza onak ematen ari da. Bertako anfibio espezieen kopurua hazten ari da urterik urtera. Apo, igel eta uhandre espezie bina zenbatu dute hara egindako bisitetariko batean. Baso igela eta uhandre palmatua dira espezietariko batzuk.

Etorkizunean, mota horretako urmael gehiago egiteko asmoa dutela azaldu du Gallegok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!