Hilean egun bitan Lanbidek enplegu zerbitzua eskainiko du Otxandion, erakundearen eta udalaren arteko akordio bati eskerrak

Joseba Derteano 2020ko ots. 26a, 09:33

Otxandioko Udalak eta Lanbideko arduradunek enplegu zerbitzua udaletxean eskaintzea adostu dute. Aste honetatik bertatik hasita, aurrerantzean, hileko lehenengo eta hirugarren martitzenetan, 09:00etatik 14:00etara, Lanbideko langile bat udaletxeko Bake Epaitegian izango da. Otxandiarrei ez ezik Ubideko biztanleei ere eskainiko die zerbitzua. 2. mailako arreta eskainiko du. Hau da, gestio motarik gehienak egingo ditu, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kasuan, bertan ez da erabakirik hartuko, baina tramiteak bideratuko ditu.

Zerbitzu berriagaz, otxandiarrek ez dute Durangora joan beharrik izango Lanbideren inguruko gestioak egitera. Baina batekoagatik zein bestekoagatik zerbitzua eskatzera Durangora doazenek, han bertan ere izango dute aukera Otxandion ordua eskatzeko. Hasierako asteetan, gertutik jarraituko diote zerbitzu berriaren funtzionamenduari, aldaketarik egitea (egunak, ordutegia…) komeni den ikusteko.

Aurrerapausoa
Egoitz Garmendia alkateak dio herritarren artean bazegoela "kezka", apurka zerbitzuak urritzen zihoazelako herrian, gaur egungo joera zentralizatzailearen eraginez. Esaterako, Kutxabank bankua ez du egun guztietan zabalik egoten, eta pediatria zerbitzua Legution dute. "Ildo horretatik, Lanbidek zerbitzua Otxandion eskaintzea kontrako norabidean emandako aurrerapauso bat da, eta garrantzitsua Otxandiorentzat", adierazi du alkateak.

Zerbitzu berriak beste onura bat ere izango du: udaleko gizarte zerbitzuaren eta Lanbideren arteko hartu-emana estutu egingo da eta erraztu egingo du batak besteari kontsultak egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!