Transmisioan sakontzeko, Otxandioko bonbardaketari buruzko eskolak emango dizkiete 5. mailako ikasleei

Joseba Derteano 2020ko ots. 19a, 10:46

Otxandioren historia garaikidean gertakari bat nabarmentzen da beste guztien gainetik: gerra zibileko bonbardaketa, 1936ko uztailaren 22an. Hainbat herritarren lan kolektiboari eskerrak, gertaera horretan sakontzen duen unitate didaktiko bat prestatu dute. Liburuxka hori Otxandioko eskolan erabiliko dute, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin —10-11 urte—  .

Asmoak Otxandioko Herri-ola egitasmoan du sorburua. Herrigintzara bideratutako proiektu horren barruan irten zen ideia, hezkuntzako gaiak jorratzen diren HEZI adarraren barruan. Gurasoak, irakasle ohiak, eskolako ordezkariak zein bestelako herritarrak batu ziren bertan. "Ikusten zen bazegoela eskolan curriculum lokala lantzeko nahia. Askotan urruneko edukiak lantzen dira eta herrikoa ez da ezagutzen", azaldu du Aloña Erauskinek, proiektuko sustatzaileetariko batek.

Unitate didaktiko berria joan zen astean aurkeztu zuten eskolan, irakasleen artean. Marian Zilaurren ikasketa buruaren ustez, erreminta baliagarria da "herriko historian sakontzeko". "Ikasleek herrian zer gertatu zen ikasiko dute", dio.

Bazegoen Andikonako bonbardaketaren gaineko materiala: udaleko beka baten bitartez argitaratutako liburua, bonbardaketa bizi izan zutenen testigantzak batzen egindako lana… Material hori batu, sailkatu eta antolatu beharra zegoen eta herritar askok parte hartu zuten prozesu horretan, Erauskinen arabera.

Edukiari dagokionez, azalpen historikoak ez ezik, balioetan sakontzen ahalegindu dira: esaterako, immigrazioan, bonbardaketaren ondoren kanpora joan behar izan zuten otxandiarren kasuak abiapuntutzat hartuta. Diseinuari dagokionez, liburuxkari formatu "erakargarria" ematen ahalegindu dira, eta benetako argazki historikoekin jantzi dute. 

Ikasliburua zortzi ataletan banatuta dago. Bonbardaketa aurreko Otxandion abiatu, bonbardaketa egunetik igaro eta osteko eguneta arte. Beste bonbardaketa batzuetan ere sakontzen dute.

Unitate didaktikoa idatzizko liburuxka baino gehiago da. Atalik gehienek informazio gehigarria dute bestelako euskarrietan, direla bideoak edo direla audioak: eguna bizi izaten zutenen testigantzak, gertakizun horren harira egindako antzezlaneko zatiak eta abar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!