Carmelo Bernaola musikagile otxandiarraren bizitza jaso eta sormen lana aztertzen duen liburu berria aurkeztu dute

Joseba Derteano 2020ko ots. 7a, 11:00

Daniel Moro musikologoak Carmelo Bernaola musikagilearen (Otxandio, 1929-2002) liburu berri bat argitaratu du, EHUren, Musikeneren eta ERESBIL musikaren euskal artxiboaren arteko lankidetza hitzarmenari eskerrak.

Morok aspaldiko hartu-emana du Bernaolaren musikagaz, Oviedoko Unibertsitateko tesia bere inguruan egin zuen eta. Hain zuzen ere, tesi horretatik abiatu da El compositor Carmelo Bernaola, Una trayectoria en la vanguardia española liburua kaleratzeko.

Bernaola XX. mendeko sortzailerik garrantzitsuenetarikoa izan zen eta bere gaineko hainbat biografia argitaratu dira, batez ere 70eko hamarkadatik aurrera. Baina lan horiek "osatu bakoak" dira Mororen ustez, "oraindino beste urte askoan sortzen jarraitu zuen eta". Bestalde, ikerketa horiek Bernaolaren biografian zentratzen ziren batez ere. Horiek horrela, Morok, Bernaolaren bizitzako kontuak alde batera utzi barik, musikagile otxandiarraren sortzaile ikuspegian sakondu gura izan du bere lanean. "Bernaolak konposatzeko erabiltzen zituen erremintak ikertu ditut eta bere obra akademikoaren ikuspegi transbertsal bat ematen ahalegindu naiz", azaldu du.

Liburua hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoa biografikoa da gehienbat, bigarrenean obraren "analisi sistematikoa" egiten du eta hirugarrena Bernaolak hedabideetan izan zuen oihartzunari eskaini dio. Mororen ustez, Bernaolak merezi zuen errekonozimendua izan zuen alde horretatik, batez ere 1959an Erroma Saria jaso zuenetik aurrera. Saria jaso eta gero, hiru bat urte eman zituen Italian, bere jakintza areagotzen. Madrilera itzuli zenean (Madrilen bizi zen 1951tik), bere figurak beste hedadura bat hartu zuen. "Ikuspegi akademikotik zein gizarte ikuspegitik oso ezaguna bihurtu zen", azaldu du. Abangoardiako musikaririk prestigiotsuen artean sartu zuten, 51ko belaunaldia lez ezagutzen den taldearen barruan, eta bere gaineko hainbat biografia argitaratu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!