Jaurlaritzak eta Otxandioko Udalak bizilekuak egingo dituzte gazteentzat eta beharrizan ekonomikoa duten herritarrentzat

Joseba Derteano 2020ko ots. 5a, 08:48

Otxandioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen bat sinatu dute herrian   etxebizitza promozioak egiteko.

Hitzarmenak hiru promozio aurreikusten ditu eta lehenengo fasean bi gauzatuko dira: Elizabarrin  bata eta zinema zaharra zegoen orubean bestea.

Elizabarri inguruan, 1.100 metro karratuko lursail batean, babes ofizialeko alokairuzko 15 bizileku egingo dituzte bloke batean, bakoitza bere garajeagaz. Oraindino zehaztu barik daude bizilekuen ezaugarriak: gela kopurua eta abar. Batez ere, egoera ekonomiko zaurgarrian dauden herritarrei bideratuta egongo dira etxeok, Egoitz Garmendia alkateak azaldu duenez. Udalak etxebizitza horietariko bi eskatzeko aukera du, larrialdi sozialeko egoeretan erabili ahal izateko. Sasoi batean zinema zaharra zegoen orubean, gazteentzako zortzi bizileku eraikiko dituzte. Bizileku mota hauen ezaugarrietariko bat da gehienez lau urtean bizi daitekeela bertan. Batez ere, "gazteei" begirako bizilekuak izango dira, Garmendiaren esanetan; "tarteko irtenbide bat" izango da, beste etxebizitza baten bila dabiltzan bitartean. Eraikin horretan espazio amankomunak (sukaldea…) egitea da udalaren proposamena.

Otxandiarrek lehentasuna izango dute promozio bietako etxebizitzetan sartzeko. "Hein handi batean, promozio hauekin etxebizitza eskubidea bermatuko dugu gazteentzat eta egoera ekonomiko zaurgarrian daudenentzat", adierazi du Garmendiak.

Jaurlaritza arduratuko da promozioak gauzatzeaz, udalak lurrak utzita. Lurrak bereganatu eta gero, lanak lau urtean amaitzea jasotzen du hitzarmenak.

Egitasmoak epe luzeagorako beste promozio bat ere jasotzen du. Osakidetzagaz akordioa lortuz gero, zinema zaharreko eraikin berriko behealdean Osasun Zentro berri bat egitea da asmoa. Horrela, orain Osasun Zentroa dagoen gunean gauzatuko litzateke hirugarren promozioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!