Iturri publiko baten eta errementari tailer baten arrastoak aurkitu dituzte Otxandioko plazako indusketetan

Joseba Derteano 2020ko urt. 27a, 10:30
Ikerketa taldea Otxandioko indusketa gunean lanean

Ikerketa taldeak amaitu ditu Otxandioko plazako indusketak.  Laborategiko analisien zain dauden arren hipotesiak egiaztatzeko, nahikoa elementu aurkitu dute gune haren garapen historikoa zirriborratzeko.

Aurkitutako arrastorik zaharrenak bertan bizitzeko erabiliko zen egitura batenak dira, zurez eta material galkorrez egindakoa. "Beste indusketa batzuetan aurkitutakoekin alderatuta, horrelako egiturak X. mendetik XIII.era artekoak izaten dira. Beraz, Otxandio hiribildu izan aurrekoak lirateke", azaldu du Belen Bengoetxea EHUko arkeologia irakasle eta ikerketa taldeko kideak. Hau da, XIII. mendearen  erdi aldera Diego Lopez de Haro Bizkaiko Jaunak Hiri-Gutun baten bidez Otxandiori hiribildu izaera eman aurreko arrastoak lirateke.

Beste gune batean, hobi handi batera lotutako kanalizazio arrastoak aurkitu dituzte. Iturri publiko baten aztarnak direla ondorioztatu du Bengoetxeak, zirkulu-forma izango zuena, gaur egun plazaren beste aldean dagoen Vulcano iturriak duenaren antzekoa. Iturri hori espazio publiko baten barruan eta bide baten ondoan egongo zen. "Beraz, joan-etorri handia egongo zen han, eta iturriak, herritarrak hornitzeko ez ezik, kanpotik zetozenak asetzeko ere balioko zuen", uste du Bengoetxeak. Iturri hori XIV-XV. mende ingurukoa litzateke, Erdi Aro berantiarrekoa.

Indusketak errementari tailer baten aztarnak ere bistaratu ditu, XVI-XVII. mende ingurukoa. Burdinazko elementu txikiak aurkitu dituzte; baita labe batenak ere. Argi dute han sua egiten zela, markak ikusi daitezkeelako. "Ez dakiguna oso ondo da tailer horretan zer egiten zen", dio Bengoetxeak. Baina ganibet zatitxoak aurkitu dituzte eta litekeena da aiztoak egiteko erabili izana.

Landa lana amaituta, indusketan batutako materiala garbitzen eta inbentarioa egiten dabiltza orain, Gasteizko unibertsitateko zentro batean. Gainera, hainbat lagin laborategian analizatuko dituzte. Ondoren, memoria idatziko dute.

Bisita gidatuak
Indusketa gunera bisita gidatuak antolatu dituzte. Otsailaren 2ko eta 9ko domeketan izango dira. Egun bakoitzean txanda bi egongo dira: 11:00etan eta 12:00etan. Otsailaren 2ko 12:00etako txanda gaztelaniaz izango da eta gainerako hirurak euskaraz emango dituzte. Taldeen pertsona kopurua mugatua da eta izena aurretik eman behar da idazkaritza@otxandio.eus helbidera idatzita edo telefonoz udaletxera deituta (94 545 00 20).


Iturri publikoaren aztarnak: hobia eta bertara doan kanalizazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!