Bittor Kapanaga idazle otxandiarra oroituz, Gontzal Mendibilek 'Bittor eta biok' liburua eta 'Biok' diskoa kaleratu ditu

Igor Galarza 2019ko abe. 6a, 09:50

Gontzal Mendibil musikari zeanuriztarrak Bittor eta biok liburua eta Biok diskoa argitara atera zituen eguaztenean. Lan bien ardatz nagusia Bittor Kapanaga otxandiarra da. Izan ere, euskaltzale eta euskal idazle izan zena Mendibilen "lagun, maisu eta profeta" izan zen, Zeanuriko musikariaren berbetan. Durangoko Azokan eskuragai egongo dira lan biak, eta, horrez gainera, berbaldi bat ere eskainiko du abenduaren 6an, Xabier Kintana, Xabier Amuriza eta Antton Mari Aldekoa-Otaloragaz batera.

Mendibilek bigarren literatur lana du Bittor eta biok. Aurreko liburuan ere, Gorbeiako haizea, Kapanaga agertzen zen. Zeanuriztarraren berbetan, "euskal idazle handia izateaz gainera, Kapanaga filosofo bat zen, maisu bat". Kapanaga 2011ko uztailaren 15ean zendu zen. Zeruko Argia, Jakin eta Anaitasuna aldizkarietako kolaboratzailea izan zen. Gontzal Mendibilek gaztetatik ezagutzen zuen, eta ANBOTOgaz izan duen elkarrizketan, gaztea zenetik hartu-eman estua izan zutela nabarmendu du: "Oso pertsona interesgarria zen, idatzi baino gauzak esan egiten zituen, eta gazteekin erraz izaten zuen hartu-emana". Irakaspen asko jaso zituela esan du Mendibilek, baina, guztien artean, "gauzak sakontzeko" saiakera azpimarratu du. "Gaur egun bizitza ziztu bizian doa, eta globalizazioaren sasoian arinkerian jaustea oso erraza da", Mendibilek esan duenez. Kapanagaren "izaera heterodoxoa, dogmetan sartu bakoa" miresten zuela dio.

Bestalde, liburuaren hitzaurrea Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak idatzi du. Durangoko Jesuitetan ikasitakoak dira Sarrionandia eta Mendibil, eta giro erdaldunean ezagutu zuten elkar, abeslariak adierazi duenez. Iurretako idazleak Kapanaga "druida" lez izendatzen zuela dio Mendibilek.

Hamazazpigarren diskoa
Liburua ez ezik, Zeanuriko abeslariak disko bat ere kaleratu du. Diskoan ere Bittor Kapanaga presente dagoela adierazi du: "Hainbat bider sartu dut 'ama' terminoa; izan ere, eta Bittorregaz guztiz ados nengoen honetan, euskaldunon hizkuntza eta antzinatasuna matriarkala da". Azoka heldu aurretik, kantaldi ugari izan ditu, tartean Otxandion, azaroaren 29an. Lan berri hau plazaratzeko desiratzen dagoela esan du Mendibilek. Esan du ez dela aurten sortutako ideia bat, diskoa eta liburua "Bittor hil zen egunetik buruan bueltan" izan dituela baino. Beraz, abeslaria Durangoko Azokan egongo da beste urte batez ere. Txikitatik etorri izan da Durangora Mendibil, eta Azokak izan dituen aldaketak bizi izan ditu. "Urtero joan da aldatzen, garaietara egokitzen, eta beti onerako egin ditu aldaketak". Hala ere, gaur egungo artistak digitalizazioagaz "galdu samar" daudela azaldu du. "Lehen pila bat saltzen zen, eta orain zaila da denontzat", esan du. Areto Nagusian arituko da, gaur, 17:30etik 18:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!