“Bizitzako lehenengo hamarkada ei da irakurzaletasuna garatzeko sasoirik garrantzitsuena, pedagogoek diotenez”

Aritz Maldonado 2019ko abe. 8a, 10:30

Xabier Olaso otxandiarra haur eta gazte literaturako idazlerik garrantzitsuenetarikoa da. 2013an, Olasok haur eta gazte literaturako Euskadi Saria jaso zuen 'Tximeletrak' lanagatik. Ordutik, etenik barik plazaratu ditu lanak. 54. Durangoko Azokan liburu bi aurkeztuko ditu.

'Iker ikerlaria eta fantasia liburua' liburua aurkeztu duzu. Zeri buruzkoa da? Zelan moldatu zara Estibaliz Jaione ilustratzaileagaz beharrean?
Iker Ikerlaria eta Iker ikerlariaren iratzargailua aurreko liburuetan lez, hirugarren honetan ere irakurleak beste abentura miresgarri bat biziko du Iker ikerlaria pertsonaiaren eskutik. Baina, oraingoan, liburuei loturiko abentura izango da. Honetan, irakurle fin-fina da Iker ikerlaria, eta irakurtzen ari den liburuak bidaiatzera eramango du, baina ezohiko bidaia izango da berea.

Ibaizabal argitaletxeko Txirrista bildumako liburuetan ohi denez, ilustrazioek berebiziko garrantzia hartzen dute istorioan, eta aurrekoetan lez, Estibaliz Jaionek eginikoak dira. Ederto ibili gara biok. Lan polita egin duela uste dut, ondo baino hobeto bereganatu ditu kontakizuneko pasarterik garrantzitsuenak eta errealismoz beteriko marrazki landuz eta egokiz hornitu.

Eta 'Shan eta Shen edo bidean ikasia', zeri buruzkoa da?
Eleberri laburra da eta Ibaizabalen Ekin bilduman argitaratu da. Tibeteko monasterio budista batean bizi den lama edo maisu espirituala da Shan. Eta gau ilunean monasterio horretara heldu den hamabi urteko mutiko umezurtza da Shen. Hainbat egunetan, zedro tantai baten abaroan elkartuko dira Shan eta Shen, maisua eta dizipulua. Elkarregaz egingo dituzten bideak izango dira ikasbide. Eguna joan eta eguna etorri, urte askoan bereganaturiko jakitura Shan mutikoari transmitituko dio. Aholku emango dio batzuetan. Alegiak edo ipuinak bitarteko direla, bizitzari loturiko irakaspenak jakinaraziko dizkio beste batzuetan. Mutikoak, begiak zoli, belarriak erne eta bihotza zabal jasoko ditu irakasle maisuaren irakaspen horiek guztiak.

Umorea eta fantasia erabili ohi dituzu istorioak lantzeko.
Haurrek literaturan interesa daukatela ikusten duzu? Interes hau galdu egiten da denboragaz? Zer egin daiteke haur irakurleak heldu irakurle bihurtzeko?

Bizitzako lehenengo hamarkada ei da irakurzaletasuna garatzeko sasoirik garrantzitsuena, pedagogoek diotenez. Irakurketagaz gozatzen ikasten da, eta, beraz, irakatsi egin daitekeela uste dut. Eskolak ere badu honekiko ardurarik, baina familia are funtsezkoagoa da bide horretan, eta gurasoei dagokie motibatzea, eredu izatea eta liburuetarako jakin-mina suspertzea. Badira egin daitezkeen gauza batzuk, denon eskura daudenak: ez behartu hau edo beste hori irakurtzera, liburuak eskura ipini, liburu-dendak bisitatu, liburutegiko bazkide izan, gauero ipuin bat irakurri txikiei, libururik ez debekatu, liburuak konpartitu...

Helduentzako poesia, haurrentzako poesia, ipuinak... hainbat generotan ibili zara. Zeinetan sentitzen zara ondoen? Zer dauka genero bakoitzak?
Guztiak ditut gustuko, sasoian sasoikoa. Orain urte batzuk poesiari egon nintzen lotuago, eta aspaldion narrazioari, baina poesiatik larregi urrutiratu barik. Poesia idaztea, adibidez, erronka handia da, berba gutxigaz komunikatu behar baituzu, gauzak iradoki edo berbaz irudiak sortu. Narratibak beste era batean lotzen zaitu, beste egokiera bat eskatzen du. Baina genero guztiek erakartzen naute.

Zer ari zara idazten momentu honetan? Baduzu proiekturik esku artean?
Aspaldion, haur literaturako hainbat liburu euskaratzen eta moldatzen ibili naiz, gauza soilak beti ere. Bestalde, helduei zuzenduta aspaldian idatzitako kontakizun lan bati ekin diot berriro, gehiago lantzeko asmotan. Haurrentzako ipuin laburren bildumatxo bat ere banabil osatzen apurka. Astiro idazten dut, egunerokoak ez dit-eta tarte luzerik uzten, baina idazkuntzari lotuta jarraitu behar dut, gozamen handia baita niretzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!