Ainhoa Ruiz de Infantek Master Cup-eko finala jokatuko du zapatuan Otxandion, bere jaioterrian

Joseba Derteano 2019ko aza. 30a, 10:00

Master Cup txapelketan, Ainhoa Ruiz de Infantek (Otxandio, 2001) Promozio Mailako finala jokatu du. Non eta Otxandion, bere jaioterrian, eta zaleen aurrean izango da, gaur arratsaldean.

Finala etxean jokatzea "berezia" dela dio. "Jakin nuenean, urduri ipiniko nintzela izan zen nire lehenengo pentsamendua. Baina, gerora, asimilatzen joan naizen heinean, pentsatu dut nire ingurukoak han egongo direla. Esaterako, amona Marina Berrostegieta, eta oso pilotazalea den Floren Urigoitia osaba. Irabazi zein galdu, frontoian ikusiko naute", adierazi du.

Zapatuan izango da jaialdia, 18:00etan, eta Amaia Jaka ihabarra (Arakil, Nafarroa Garaia) izango du aurkari. Ez daki askorik hari buruz, lehenengo txapelketa duelako. Aurkaria aztertzeko, finalerdietan ikusi zuena hartzen du erreferentzia lez. "Oso pilotari teknikoa da, tantoa amaitzen abila. Baina, kolpe aldetik, neu naiz gehiago. Beraz, gutxi entregatzen eta pilota ahalik eta gehien astintzen ahaleginduko naiz", azaldu du Ruiz de Infantek.

Otxandiar gaztea eskutik justu samar helduko da finalera. Finalerdietan tako dezentegaz jokatu behar izan zuen. "Partidu hartako tako berdinekin jokatuko dut. Orduan behintzat, mina ez zitzaidan areagotu. Eskua ez dut erabat osatuta izango finalerako, baina ikusiko dugu zelan doan", azaldu du.

Finalerako bidean ez du orbanik. Jokatutako partidu guztiak irabazi ditu. Garaipen guztien artean, joan zen asteburuan eskuratu zuena nabarmendu daiteke. Finalerdi batek merezi dituen osagai guztiak izan zituen: tanto on asko eta emozioa azken pilotakadara arte. Ruiz de Infantek eta Gentzane Aldai orozkoarrak txapelketako ikuskizunik onenetarikoa eskaini zuten Mañariko pilotalekuan.

Aldai aurkari indartsuak kanporatuta heldu zen finalerdira. Ruiz de Infantek, ostera, bazituen dudak, batez ere eskuengatik. "Mentalki ni baino hobeto heldu zela esango nuke", baloratu du. Partiduaren lehenengo zatian orozkoarra nagusitu zen. Ruiz de Infantek ezin zuen bererik eman. "Takoengatik ez nuen pilota ondo jotzen. Indarra ematen nion, baina kontrolik barik", gogoratu du. 7-12 zihoan galtzen, eta zerbait aldatu beharra zegoen. Ordutik aurrera, kontrarioa mugiarazten eta gutxi galtzen ahalegindu zen, eta estrategiak fruituak eman zizkion. Partidua berdindu, eta aurretik ipini zen markagailuan (17-14). Baina Aldai ere ez zegoen amore emateko eta 17na berdindu zuen. Azken tantoan erabaki zen finalista. 18-17 irabazi zuen Ruiz de Infantek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!