Bolalekuan komunak egiteko eta kultur etxea berrizteko lanak hasi dituzte asteon Otxandion

Joseba Derteano 2019ko urr. 22a, 11:41

Joan zen martitzenean hasi zituzten plaza ondoko bolalekuan komunak egiteko lanak. Lan horiek amaitzen dituztenean, kultur etxea eraberritzeko obrei ekingo diete. Lan guztiek sei hilabete iraungo dute eta 95.756 euroko aurrekontua izango dute, udal arduradunen esanetan.

Lanik handienak kultur etxean izango dira. Alde batetik, orain goiko solairu batean dagoen posta zerbitzua beheko solairura tokialdatuko dute, sarrera dagoen tokira, herritarrentzat eskuragarriagoa izan dadin. Erdiko solairua "osorik berriztuko da", Egoitz Garmendia alkateak azaldu duenez. Alde batetik, espazioa hobeto aprobetxatzeko helburuagaz, areto nagusian irristailu-ateak ipiniko dituzte, gela txikiagotan banatu ahal izateko. Modu horretara, beharrizana dagoenean, hainbat gela sortuko dituzte espazio berean. Beste horrenbeste egingo dute gaur egun musika eskola dagoen gelan ere: irristailu-ate bat ipinita, espazioa bitan banatzeko aukera egongo da. Bestalde, lehenengo solairuko gela guztiak intsonorizatu egingo dituzte eta argindar sistema berriztuko dute, besteak beste.

Goiko solairuan, komunak
Goiko pisuan, komunak eraberritu eta irisgarriago ipiniko dituzte, eta biltegi bat egingo dute. "Horrela, dena prest geratuko da etorkizunean igogailua ipini ahal izateko", azaldu du Garmendiak.

Lanek irauten duten bitartean, solairu berean dagoen liburutegia ohiko tokian mantenduko dute eta 17:00etatik aurrera egongo da zabalik, udalak ohar batean informatu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!