Otxandioko lehenengo duatloi krosak Euskadiko txapelduna erabakiko du

Joseba Derteano 2019ko urr. 18a, 12:30

Otxandioko Ulma Duatloi Krosak indartsu ekingo dio bere bideari domeka honetan. Lehenengo aldia den arren, modalitateko Euskadiko eta Bizkaiko txapeldunak bertan erabakiko dituzte. Baina federatuentzat ez ezik, federatuta ez daudenentzat ere 'open' izaerako lasterketa bat antolatu dute. Lasterketa honek hainbat modalitate izango ditu: bakarka, binaka, mistoa… Maila biak kontuan hartuta, 70 bat duatloilarik parte hartuko dute lasterketan.

Irteera puntua zein helmuga Otxandioko plazan egongo dira. Emakumeek 12:00etan hasiko dute proba, eta gizonek 10 minutu geroago. Parte-hartzaileek korrika hasi eta amaituko dute duatloia, 5,5 eta 2,8 kilometroko ibilbide banagaz. Bien artean, 20 kilometro egingo dituzte bizikletan.

Umeen duatloia
Umeen artean duatloia sustatzeko baliatuko dute domekako hitzordua. Nagusien proben aurretik, 09:00etan hasita, 3tik 12 urtera arteko haurrei begirako duatloiak antolatu dituzte herrigunean. 100 bat haurrek parte hartuko dute guztira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!